Krisialditik ateratzeko zergak igo ala jaitsi?

krisizergakOrain dela bi aste, Argia aldizkarian, Athletic futbol-taldearen inguruan iruzkin bat irakurri nuen. Nire harridurarako artikuluak ez zuen kirolarekin zerikusirik, ekonomiako kontuetatik hurbilago baitzegoen kazetaria nolabait kezkatzen zuen gaia.

Onartu behar dut kirola praktikatzea ikustea edo kirolaz irakurtzea baino gustukoagoa dudala eta, aukeran, futbola baino nahiago, igeriketa. Baina, lehen aipatu dudan bezala, artikuluak ez zuen gure talde ospetsuaren aurtengo ligako jarduera hizpide, Bizkaiko Ogasunak taldeko jokalariekin duen jokabide berezia baizik. Hortaz, nire jakin-mina pizteko nahikoa.

Antza denez, gure mutikoek gutxi irabazi, nonbait, eta Ogasunak, gainerako zergadunoi ez bezala, 11 milioi euro “barkatzen” dizkie; hau da, gure aitorpen bera egingo balute, 21 milioi euro sartuko lirateke foru-kutxetara.

Eta zer ikusi arraioa duen kontu honek artikulu honen izenburuak iragarritako gaiarekin? Bada, oraintxe saiatuko naiz argitzen.

Noizbait galdetu izan didatenean honako galdera: krisialditik ateratzeko zergak igo ala jaitsi? Aitortu behar dut zer esan ez nekiela gelditu naizela. Aitzitik, krisialdia dela-eta, politikariak egiten ari diren murrizketen berri dudanean, batez ere gizarte, hezkuntza eta osasun arloetan, berehala lerratzen naiz zergak igotzearen aldera, irtenbide hori gustuko ez izan arren.

Egia da gai delikatua dela eta zergak igotzeak kalte dezakeela hainbat etxetako ekonomia; bereziki, bizitza mila bat euroko ikuspegiarekin bizi behar dutenena. Halere, egun dugun ongizate-sistemari ezin eutsiz gabiltza, eta argi dago diruz bete behar direla diru-kutxa publikoak, eta ez asmo onez eta promesez, politikariek egiten duten bezalaxe.

Dena den, zergak igo behar direla onartzeko prest egon arren, inozo aurpegia jartzen zait Athletic-eko jokalariei buruzkoak bezalako albisteak irakurtzen ditudanean. Zergadun guztiok tratu bera jasoko bagenu –hots, pribilejio fiskalak desagertuko balira–, ziur nago diru-kutxak ez liratekeela hain hutsik egongo, eta, horren ondorioz, ditxosozko murrizketak iraganeko kontua besterik ez lirateke izango.

Tamalez, pribilegio fiskala ez da gure ogasunetan hainbat zergadunen kudeaketa ekonomikoa saritzeko “praktikatzen” den modalitate bakarra. Izan ere, amnistia fiskala ere bada, hedabideek behin baino gehiagotan salatu ohi duten beste praktika hori. Luis Barcenas PPren diruzain ohiari galdetu besterik ez dugu, oso trebea izan omen da-eta horrelako kontuetan.

Horrenbestez, hauxe da nire aldarria: gure ongizate-sistemari eutsi nahi badiogu, herritar guztiokin arautegi bera erabili behar da, nahiz eta denok liga berean jokatu ez.  Zorionez, gure irabaziek eta ondasunek –oraindik ere– ezartzen dute nork non jokatu behar duen, erdiko ligan jokatzen dugunok proportzionalki ekarpen handiagoak egin arren.

Ildo horretatik, esan beharrik ez dago –nahiz eta denoi arautegi bera egokitu– liga guztietan badagoela eta egongo dela jokalariren eta arbitroren bat tontoarena egiten ederki dakiena. Hortaz, ez dut uste azpijokoa hain azkar desagertuko denik, gure lurraldean, behintzat.

Susana Larre, Koma-Hantxeren ikaslea

Egilea: KomaHantxe
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude