Labanda inzentsu naturala nola egin

labandaUdako eguki goxoarekin ez gara asko gozatzen ari egunotan, baina euri nahiz eguzki izan, badira loretan eder asko dauzkagun landareak. Horietako bat dugu labanda edo izpilikua. Lore morez josita ikusten ditut lorategi, balkoi eta bazterrak. Propietate ugari dituen sendabelarra ere badugu, baina labanda inzentsu naturalari buruz idaztea pentsatu dugu; dituen erabilera anitzen artean bitxiena iruditu baitzaigu. Olio esentzial sendagarri ugari dituen sendabelarra dugu berau; lasaigarria, antiinflamatorioa, liseriketan lagungarri, bakterioen kontrakoa, txisaren eragile, eta zauriak osatzeko egokia. Urduritasuna eta lo ezin egina pairatzen badituzu, oherakoan katilukada bat infusio hartzea gomendagarria duzu oso. Bainurako ere egokia da, giharretako minak eta estresak sortutako ezin egonak baretzeko aproposa baita. Bainurako labanda lehorra, labanda olioa edo labanda olio esentziala erabil ditzakegu. Ukendu eta kremak egiteko ere zinez aproposa da.

Probentzako irudi horiekin txunditu izan naiz beti, baina lore ontzietan eta baratzan ere oso ondo etorri izan zaigu guri. Zonalde lehorretako mendi altuetan ere etortzen da labanda basatia, txikiagoa da aukeran, baina usain oso sendoa du, eta kalitate bikaina.

Izara baten gainean zabalduta lehortzen dut urtero, toki ilunean, hamabost bat egunez edo. Gelan usain zoragarria utzi ohi du, baita armairu eta kaxoietan ere (zakutxoetan ipinita). Airea garbitzeko eta gozatzeko usain gustagarria da ia edonorentzat. Horretaz gain, zomorroak eta eltxoak uxatzen ditu, datu interesgarria ezta? Horregatik pentsatu dugu labanda inzentsu natural hau gure blogera ekartzea. Oso samurra da egiten, anima zaitezte!

Materialak gutxi eta eskuratzen errazak ditugue: dozena bat labanda lore, josteko hari lodiska eta guraizeak, besterik ez dugu behar. Prestaketa honela egiten da: lehenik labanda lore freskoekin sorta bat egin behar dugu, baina erne ibili, labanda lore guztiak parean jarri behar ditugulako. Denak berdindutakoan, azpiko txortenak parean moztu. Haria hartu eta goiko puntatik lotzen hasi beheraino, oso estu eta txukun lotu behar dugu sorta. Ez dadila lorerik kanpora atera. Oso estu lotu gero! Horrela utziko dugu lehortzen, hamabost bat egunez, ez askoz gehiago.

Erabili behar dugunean, goitik emango diogu su, eta hasieran ke asko izango duen arren, bukaerarako asko apalduko da. Kea eskuz zabaltzea gomendatzen dizuet, eta ez geldirik edukitzea, beste inzentsuekin egin ohi den bezala.

Egilea: Debia
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude