Lana eta familia bateratzeko politika publikoek ba al dute eraginik gure gizartean?

imagen conciliaciónLehengoan, “Berria”n argitaratutako artikulu interesgarri bat irakurri nuen lana eta norberaren bizitza bateratzearen inguruan. Bertan politikari batek azaltzen zuen Eusko Jaurlaritzak ahalegin handiak egin dituela legealdi honetan arlo horretan. Politikariak zioenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailean bultzatutako programak eta zerbitzuak horren adierazleak dira.
Artikuluak zer pentsatua eman zidan, batez ere, nire ingurukoen bizi-egoerei erreparatzen hasi nintzaienean. Izan ere, baditut lagun asko –gehienak mutilak– egun osoa hegazkin baten ematen dutenak edo goizeko zazpietan etxetik atera eta gaueko zortziak arte itzultzen ez direnak. Horren ondorioak nabaritzen dira familian. Adibidez, nire lagun batek horrenbeste bidaiatzen du, non semeak uste baitu hegazkinetako pilotua dela. Hortaz, hori ikusita, pentsatzen dut oraindik lan asko dagoela egiteke.
Ezin da ukatu pauso batzuk eman direla, baina, artikuluan irakurri nuenagatik, arlo teorikoan bereziki: dekretuak enpresei laguntzak emateko, ume-zaindarien sareak ebaluatu eta bultzatzeko ikerketak eta “Bateratu” izeneko Interneteko ataria sortu enpresek gaiaren inguruko informazioa eskura dezaten, besteak beste.
Tamalez, nik ez dut pauso horien eraginik sumatzen praktikan. Nahiz eta Jaurlaritzaren egitasmoa eta webgunea gomendioz, ideiaz eta baliabidez osaturik egon, egun, langile batek baino gehiagok –gehienetan emakumeak– lanari uzten diote seme-alaben hazkuntzaz arduratzeko, bi arlo horiek –lana eta familia– bateratzea oso zaila baita umeak txikiak direnean.
Eta zer esan, krisi garaiotan, umeen aitona-amonei buruz! Sarritan umeen zaintzaren zama osoa beren gain erortzen baita. Begi bistakoa da maiz familiaren bizi-maila eta -kalitatea ez jaisteko inguruko senideak sakrifizio handiak egitera behartuta daudela.
Nik uste dut, egun, bateratze-neurri ugari daudela asmatuta eta Europako hainbat lekutan oso arrakastatsuak direla. Dena den, nire iritziz, gurean lana emango digu neurri horiek abian jartzeak; izan ere, enpresak eta gure gizartea oraindik ere ez daude batere prestaturik eta sentsibilizaturik lana eta familia bateratzeak eskatzen duen antolaketa-eredu berria onartzeko.
Labur esanda, alde batetik, enpresek eta erakundeek beldurrak eta aurreiritziak alde batera utzi eta onartu behar dute familia eta lana uztartzeak gizarteari onura besterik ez dakarkiola; eta, bestetik, langileok erakutsi behar diegu gure erakundeei gure lehiakortasuna ez dela gutxituko etxetik lan egitegatik edo norberaren premiei egokitutako ordutegia izateagatik.
Dena den, ziur nago urteak aurrera joan ahala, egun idiak soroetan salbuespen bihurtu diren moduan, familia, lana eta norberaren bizimodua bateratzea ere lortuko dela; eta etorkizunean desagertuko direla lan-ordutegi zurrunak, eta teknologien aurrerapenari esker, laneko zereginetarako espazioa bera ere malguagoa izango dela; hau da, edozein lekutatik egin ahal izango ditugula eginkizun asko. Halere, oraindik ere urrats gehiago eta sakonagoak eman behar direla uste dut.

Susana Larre, Koma-hantxeren ikaslea

Egilea: KomaHantxe
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude