Lazkao Txiki bere buruari

Joxemiel Iztueta Lazkao Txikik (Lazkao, 1926 – Donostia, 1993) ispiluari botatako bertsoak ekarri nahi ditugu gogora gaurkoan. 1989ko uztailaren 3a zen, eta Mutiloako Lierni auzoko jatetxe batean, ETBko Hitzetik Hortzera saioaren 1988-89ko azken-ekitaldia zela-eta Joserra Gartziak saioa prestatu zuen. Bi dozena bertsolari, eta bertako entzuleriarekin saio gogoangarria egin zuten.

Gartziak, gaia jartzerakoan ispilua eman zion Lazkao Txikiri eskura. Honako hiru bertso ahaztezin bota zituen zortziko handian, Komeni zaigun ixtoria bat doinuarekin.

Oso ispilu eder polit bat
didate aurrera ekarri,
eman duenak jakingo zuen
mutilzar zar honen berri,
gazte dan arte hau izaten da
gazte guztien pozgarri,
zartutakoan ez da beiratzen
gaztetan hain bezin sarri.

Aizak nik hiri bota behar dit
bertso koxkor bat edo bi,
behingoan jarri geranez gero
biok aurpegiz aurpegi,
neri begira hortik daduzkat
alperrikako bi begi,
hik ez nauk noski ni ikusiko,
baina nik ikusten haut hi.

Neri begira jarrita, motel,
zertako hago honela,
ta pentsatzen dit aspalditxotik
ezagututzen hautela,
mutilzarraren moko horrekin
ez dek ematen motela,
azal zimurtzen ari haiz, motel,
Lazkao Txiki bezela.

lazkao txikiBertso hauetaz gain, beste makina pasadizo eta kontu ere ekarri ditugu gogora ikasgelan. Horietako batzuk laburbilduko ditugu:

Behin batean, etorri omen zen Lazkao Txiki Donostiara, eta Paco Bueno tabernan sartu tragoa hartzera. Ondoan zein izango eta Segundo Azpiazu, Segundito. Jarri zaio begira eta : “Segundito, hire ondoan sekula baino Lazkao Txikiago nauk!” bota omen zion.

Kazetari batek Lazkao Txikiri galdetu galdetu omen zion ea zenbat senide ziren etxean. “Zenbat senide? Bederatzi” erantzun omen zion honek, eta kazetariak “Eta horietatik zenbat bizi zarete?” “Bizi ni bakarrik, beste guztiek lan egiten dute” erantzun omen zion lazkaotarrak.

Beste honako galdera hau ere kazetari batek egin omen zion: “Zu Lazkaon jaio zinen, baina hazi non?” eta Lazkao Txikik “Hazi? hazi inon ez!”.

Lazkao Txikik Beasainen egiten omen zuen lan, lantegi batean. Motorrean joan ohi zen bertara Lazkaotik. Badoa ba, egunero bezala, eta bidegurutze batean, STOP seinaleari kasurik egin gabe, aurrera egin omen zuen. Aurrean zein izango eta Goardia Zibilak! Geratu eta “¿no ha visto usted el STOP?” galdetu omen zioten, eta gure bertsolariak “El STOP sí, pero a ustedes no” erantzun omen zien.

Lazkao Txiki bihotzeko ebakuntza bat egitera joan, eta Donostiako ospitalean hil zen, kirofanoan. Ebakuntza ez omen zen larria, eta badirudi medikuen akatsa izan zela. Medikuak ebakuntza erraza zela esan omen zion, ebakuntza mota horretatik urtean bi lagun bakarrik hiltzen zirela. Hori entzundakoan “eta bi horiek, jada hil al dira?” galdetu omen zion Lazkao Txikik.

Bukatzeko, Donostiako ospitalearekin lotutako beste pasadizo bat. Medikuari egin zizkion bisitetan gaixo asko ikusten zuela-eta, Osakidetza baino Gaixokidetza izen egokiagoa zela iradoki zuen gure gaurko pertsonaiak.

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude