Liburuaren Nazioarteko Eguna, gaur

Overflowing-BookcasesLiburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu gaur. Hemen, eta munduan zehar, izan ere; irakurzaletasuna sustatu asmoz UNESCO erakundeak sorturiko nazioarteko eguna dugu honakoa. 1995ean hasi ginen egun hau ospatzen, eta gure herri eta hirietan hainbat ekimen ikusiko ditugu, liburuetara eramango gaituztenak.

Guk, jaduera horietako batzuk aipatuko ditugu hemen. Gipuzkoa plazan Liburudenden Elkarteak antolatuta ohiko Liburu Azoka egingo da, goizeko 9:30etik gaueko 21:00ak arte. Bertan, urtero bezala, erosketetan beherapenak eta abantailak eskainiko dira.

Donostia Kulturaren Liburutegi Zerbitzuak informazio gune bat jarriko du Azokan liburutegiei buruzko informazioarekin. Horretaz gain, egun osoan zehar helduentzako eta haurrentzako jarduerak antolatu dira. Bai Donostia Kulturaren gunean eta baita liburutegietan, ere bisitariei Leire Salaberriak Liburuaren Nazioarteko Egunerako egin dituen orri-markagailuak banatuko zaizkie.

Haurrentzako ipuin kontaketak goizean zehar antolatu dira Peru Magdalenaren eskutik, eta arratsaldean, 17:30ean, Mirri eta Txiribiton pailazoen saioan, 2014ko haur irakurle onenen sari banaketa egingo da.

Liburutegi Zerbitzuak arreta berezia jarri nahi izan du haurrengan, irakurtzen txikitan ikasten delako. Arrazoi horrengatik, sarituko dira 2014 urtean zehar liburutegien sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu dituzten 10 haur. Saritu bakoitzari 30 euroko txartel-bono bat emango zaio, Donostiako liburu dendetan liburuak erosteko.

Helduen jarduerei dagokionez, II. Mundu Gerraren urteurrena izanik, gai hau ardatz duten eleberrien Irakurketa Publikoa egingo da. Fernando Rey itzultzaileak, literatura unibertsaleko hiru eleberriren zatiak irakurriko ditu euskaraz. Bestalde, Donostia Book Club taldeko kideak, Eric Maria Remarqueren The Enemy eleberriaren atalak irakurriko dituzte ingelesez. Jarraian, edonork irakurri ahal izango ditu gai libreko liburu kuttun edo estimatuen pasarteak. Aurten Eduardo Galeanori keinu bat egingo zaio.

Donostia Lagunkoia eta Plus 55aren eskutik, Bremengo Musikariak ipuinaren helduentzako kontaketa bat egingo da. Ipuin kontaketa berezi hau, Donostiako lau lekutan egingo da aldi berean: Txomin Kultur Etxean, Altzako Nao Etxena, Carlos Santamaria Zentroan, eta Gipuzkoa Plazako Liburu Azokan.

Liburu Azokan egingo diren jarduera hauetaz gain, Donostia Kulturako kultur etxe eta liburutegietan hainbat jarduera egingo dira astean zehar ere. Eta noski, esan beharrik ez dago, jarduerarik gomendagarriena eta behinena: liburu eder bat irakurtzea!

leiresalaberria

 

 

 

 

 

Leire Salaberria ilustratzaile andoaindarra

Egilea: E-poxpolin
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude