Lota bidezko sudur garbiketa

lota

Katarroa, hotzeria edo burutik beherakoak jota al zabiltza? Mukiak libratu ezinik akaso? Edo sinusitisa izan duzu betidanik? Ba hementxe duzu lota, sudurrari dutxa eder bat emateko modua.

Izan ere sudurra egoki garbitzeko diseinaturiko tresna dugu lota. Orain dela milaka urte Indian sortutako Ayurveda medikuntza sistemak asmatu zuen sudurra garbitzeko pitxar txiki hau. Garai hartan lurrezkoa edo kobrezkoa izan ohi zen baina gaur egun egokiena plastikozkoa erostea dugu. 

Dutxatzea edo hortzak garbitzea bezalako ohitura osasuntsuak baditugu baina inori ez zaio bururatu osasunaren aurrezaintza osoa egiteko sudurra barrutik garbitu behar denik. Mukizapiek ez baitituzte gure sudur zuloak barrutik garbitzen!

Egunean 16.000 litro aire arnasten dugu,etenik egin gabe eta gaur egungo kutsadura maila ezagututa ez da dudarik gure sudur zuloak garbiketa premian daudela. Gure hirietako trafikoaren ke zikina, lantegietako kutsadura, hautsa eta aire egokituak dira gure etsaiak; sudur zuloetako mintzak lehortu eta kaltetzen dituztenak. Hori horrela hortxe ditugu hainbat eta hainbat alergia eta neguoroko katarro, marranta eta burutik beherakoak.

Arnasa garbi hartu ahal izateak bizi kalitate ona ematen digu eta gure organismoa babesten du. Sudurra osasuntsu duenak, faringea eta birikak ere osasuntsu izateko bidea egina duela esan ohi da baina horretarako gure sudur zuloak eta barrunbeak sakonki garbitu beharra dago. Lota dugu zeregin hori modu natural, azkar eta merkean egiteko bidea, inongo arriskurik gabe gainera. Ur beroa, goikarakada bat gatz eta minutu pare bat, besterik ez dugu behar arnasa arazorik gabe hartzeko.

Hainbat gaixotasun arintzeko oso egokia da; hala nola katarroa, alergiak, faringitia, sinusitia, zurrungak, sudur lehortua edo betea.

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude