Luis Karrilen estropada ahaztezina

KarrilTripulazioaIzan berri ditugu Kontxako estropadak, baretu da sortutako iskanbila ere, eta estropada garaia bukatzear delarik, duela mende bat pasatxo izandako estropada bat ekarri nahi dizuegu gogora.1890eko abenduaren 2an, Luis Karril, Torrekua, eta bere gizonek ondarrutarren aurka jokatutako traieru-desafioa hain zuzen ere; Donostia Ondarruren kontra.
Donostia – Ondarroa traineru desafioa oso sonatua izan zen, eta traineru arraunketaren historian izan den desafio ospetsuena da, seguruenik. Lekeitiotik abiatu eta Getarian amaitu, hamar itsas miliakoa zen proba hura; gaur egungoen batere antzik gabea ikusten denez. Luis Karrilen garaipen handienetako bat izan zen, osperik handiena eman ziona. Esan dezakegu Donostiako patroi handi ospetsuetan lehena izan zela Luis Karril, Torrekua.

Traineru-desafio honen abiapuntua Bilbon ipini behar dugu. 1890ean. Bilboko Klub Nautikoak “Invencibles del Cantábrico” leloa zuen bandera bat eman zien ondarrutarrei Bilboko estropadak irabazteagatik. Horren aurrean, donostiarrak kexatu egin ziren, titulu hori irabazteko donostiarrei irabazi beharko zietela esanez. Kontuan izan behar da, urte hartako Kontxan eta 1888an Pasaian izandako desafio batean Donostia garaile izan zela eta sasoi betean zeudela. Beraz, Donostiak desafio egin zion Ondarroari ,eta Luis Karrili eskatu zitzaion Donostiako tripulazioa osatzeko. Ondarrutarren aldean, berriz, Anbrosio Bedialauneta zen patroi.

Lehen esan dugun bezala, Lekeition hasi eta Getarian amaituko zen 10 miliatako estropada hitzartu zuten. Izugarrizko ikusmina sortu zen, eta sekulako dirutzak egin ziren apustu, alde batera eta bestera. Ofizialki 25.000 pezeta egin zuten apustu bi aldeek, baina partikularrek jokatutako dirutzak askoz handiagoak izan ziren. Estropadaren kontura 250.000 pezeta baino gehiako jokatu zirela kalkulatu izan da; garai hartarako sekulako dirutza.

Estropada Lekeitiotik abiatu zen eguerdiko 12:15etan. Lehen minutuetan parean joan ziren biak baina, Saturraran inguruan donostiarrek aurrea hartu zieten ondarrutarrei. Hori ikusitakoan Mutrikun sua piztu zuten, donostiarrak aurretik zirela esateko seinale gisa, eta telegrafoz berehala iritsi zen albistea herri guztietara. Denbora ofiziala ikaratzeko modukoa da: 13 ordu, 36 minutu eta zero segundo donostiarren alde, ondarrutarrak minutu bat eta 28 segundo beranduago iritsi ziren. Denak ala denak lehertuta, txikituta, iritsi ziren amaierara; tostak odoletan blai, egurra eskuko hezurretaraino sartuta. 

Bitxikeria moduan aipa daiteke, ondarrutarren porrotaren ondoren Anbrosio Bedialauneta patroia ez zela bere herrira itzuli, eta Castrora joan zela bizitzera. Ondarroan galera material handiak izan omen ziren apustuak galtzearen ondorioz.

Karril_traineruan

Traineru garaileko zazpi arraunlari Karrilen ohiko kuadrillakoak ziren, eta besteak Donostiako beste patroienak; hona hemen tripulazioa: Pantaleon Isasa (hankekoa, garai hartan bakarra izaten zen-eta), Tomas Agote, Isidro Ibarzabal, Martin Erkizia, Pedro Galdos, Joxe Mari Taberna, Joxe Beobide, Angel Etxezarreta, Roman Etxenike, Anselmo Idiakez, Joakin Landa, Inazio Olaizola eta Pepe Sanchez (aurrekoa). Gazteenak 23 urte zituen eta zaharrenak 37.

Anbrosio Bedialauneta patroi ondarrutarraren tripulazioan berriz honako arraunlariak izan ziren: Salvador Agirre, Miguel Aranzamendi, Doroteo Badiola, Pablo Atxa, Juan Zuazaga, Jose Olarreaga, Bruno Aramaio, Jose Osa, Rufino Badiola, Felix Urresti, Pedro Uribe, Pedro Larrañaga eta Adrian Bedialauneta. Pisuan gehiago izan ziren bizkaitarrak, 35 kilo gehiago hain zuzen ere.

Desafioaren berri izan nahi duenak badu non aukeratu: datu zehatzenak betiko moduan Wikipedian, Euskonews-eko artikulu honetan ere bada makina bat jakingarri, Sagastume bertsolariak jarritako bertso hauetan egun hartako zirrara ikus daiteke, eta zer esanik ez Antonio Arzaken gutun honetan. Tornozulotik blogean Dionisio de Azcuek, Dunixi-k, Roman Etxenike traineru donostiarreko arraunlari eta arrantzaleari jasotako testigantza ederra daukagu. Gaztelerazko blog honetako sarrera honetan ere, badugu desafio hari buruzko berririk. Aipagarria da, bukatzeko, Sorolla margolariak baduela margolan bat, desafioa irabazi ondoren Luis Karrili Donostian egin zitzaion ongi-etorria biltzen duena.

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude