Lurdes-Txiki

Gaurkoan Donostiako txoko berezi bat erakutsi nahi dizuet, tximeletontzat gordeleku aproposa den toki ezezagun bat. Asier GM-k egindako argazkian ikus dezakegu txoko hori:  Lurdes-Txiki. Bihar ospatuko dute bertan Ama Birjinaren jai handia, urteko ospakizunik garrantzitsuena, baina ni ez naiz han izango, ez baitzaizkit horrelako zalapartak gustatzen. Hotz egingo du gainera!

Antiguan, Igeldora bidean gora abiatu eta aterpetxetik hurbil bideska txiki bat ikusiko dugu Rekondo jatetxearen ondoan. Ezkutuan gorde nahi diren tokiek ez dute bertara iristeko behar moduko seinalerik izaten eta Lurdes-Txikin ere seinale bakarra dago, autoei sarrera debekatzen diena, besterik ez. Bide horri jarraiki metro gutxitara ez eliza, ez ermita eta ez santutegi, oso toki berezia topatuko dugu. Niri lorategia dela esatea gustatzen zait, irudi handi bat ipini dute bertan, horixe du berezi.

Bernardette Soubirous neskatoari 1858an agertu zitzaion Ama Birjina Massabielle izeneko harpean, Frantziako Pirinio Garaietako herriska batean. Berehala hasi zen beraganako debozioa eta Gipuzkoan 1903an eraiki zuten hizpide dugun tokitxoa. Frantziatik ihesean omen zetorren fraide dominikar kofradia bat, Arcachon-goak ziren antza, eta Igeldora bidean lursail bat erosi zieten Coll y Ripoll jauntxoei (La Mallorquina ezizenez ezagunak) bertan etxaldea egin asmoz. Kongregazio honek San Vicente Ferrer edo Captier deituriko ikastetxea sortu zuen 1903an eta ikastetxeari Massabielle-ko harpearen tankerako otoitz-tokia eraiki zioten. Horrela jaio zen gure Lurdes-Txiki.

Fraide dominikarrak 1920an Frantziara itzuli ziren eta haien tokian Kaputxinoek hartu zuten harpea zaintzeko ardura. 1933an berrikuntza lanak egin zituzten eta euskaldunak aritu ziren bertan lanean. Isidoro Uribesalgo aretxabaltarrak landu zuen irudi sakratua eta Santos Pamies aritu zen harpea berregiten. Lan haien ondoren elizaren ordezkari zen Ladislao de Yabarrek bedeinkatu zuen tokia.

Zenbaitek mirariak badirela dio eta han ere izan direla halakoak. Arrastorik ez da falta. Gure hiriko zalaparta girotik ihesi bertara joan eta lasaitzea, sosegua aurkitzea, horixe bada nahiko mirari; ez duzue uste?

 

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat Lurdes-Txiki-ri

  1. egilea: e-pistola

    “La Mallorquina” gozotegiarena ere oso istorio polita da.

    http://es.wikipedia.org/wiki/La_Mallorquina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude