Matxismoa

matxismoaIrudi hau ikusterakoan, arropa hauen prezioa ikusterakoan, nola geldituko zaigun pentsatzen dugu. Hala ere, erakusleiho honen atzean ezkutatzen dena baztertu egiten dugu. Ondo behatuz gero, konturatuko gara gizonezkoa galtzontzilo sinpleak jantzita dagoela, eta emakumezkoa, berriz, kulero sexy-ekin, kortse moduko batekin, eta lepoko sexy-a jantzita dituela.

Beraz, janzkera hau ikusita, emakumeak gizonezkoen objektu sexualak garela esan daiteke. Baina mezu subliminal matxista hauek ez dira erakusleihoetan soilik aurkitzen, beste hainbat lekutan ere ikus ditzakegu; hala nola, filmeetan, ikastolan, telebistan… Gure etxeak ahaztu gabe, izan ere, oraindik emakumeak izaten gara etxeetan lan egiten dugunak.

Adibidez, telebistako egitarau gehienetan gizonezkoa izaten da aurkezlea, eta emakumea berriz, azafata, hau da, bigarren postuko lana. Gainera, emakume batek telesaio bat daukala ikusten dugunean, esaldi hau botatzen dugu: a ze potroak izan behar dituen emakume honek leku horretara iristeko! Esaldi hau, zoritxarrez, goi mailako lanetan errepikatu egiten da: politikan, kargu altuko epailea…

Beste adibide bat ikastola da. Hemen, honelako mezuak soinketan ikusten dira, mutilek eta neskek futbolean jolasterakoan. Askotan, mutilak bakarrik ari dira jokatzen, eta irakasleak, ez dira gai neskek ere baloia hartu behar dutela esateko.

Pelikulak, hauek bai, aipatu ditudan mezu hauetaz beterik daude. Gehienetan harreman sexualen eszenetan, emakumeak haren gorputz atalak erakutsi behar izaten ditu, filma erakargarriagoa sortzeko; gizonetan, berriz, ez dira ia inoiz haien gorputz atalak erakusten. Izan ere, ez duelako eraginik sortuko, edota, seguru aski, gizonezkoen gehiengo bat uxatu egingo lukeelako.

Horrela, milaka eta milaka orri idatz ditzaket, guk, irakurleok, ikus-entzuleok baztertzen ditugun mezu subliminal matxista hauen inguruan. Haiekin bizi gara, eta zaila egiten zaigu ulertzea gaur egungo matxismoa ez dela, antzina bezala, zuzenean egiten; ezkutuan, zeharka, subliminalki, baizik. Denoi, eta bereziki emakumeoi, sinestaraziz egoera zeharo aldatu dela, eta asko aurreratu  dela.

Marta Ezquerecocha, Debiaren ikaslea

Egilea: Debia
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

4 erantzun Matxismoa-ri

  1. fanderichie@hotmail.com' egilea: Idoia Eceiza

    Ados nago idatzi duzun guztiarekin. Benetan, oso testu polita eta egiaz beteta. Hala ere, nik beste “eremu” bat gehituko nuke gogoeta horri: aipatu dituzunaz gain; hau da, publizitatea, hedabideak, zinea…, nire ustez, gaur egun gehien erabiltzen den tresna, ia guztirako, interneta da. Lan akademikoak gorabehera, egia esan, gehienek, gazteek batez ere, erabiltzen dute aisialdirako. Youtubeko bideoak sortzen dituztenak, “Youtuber” deitzen direnak, normalean mutil gazteak dira, eta kasu gehienetan, emakumeen kontrako bromak egiten dituzte -edo, nik batzuetan ikusi dudan bezala, harrikoa egitera bidaltzen gaituzte-. Baina larriena zera da: gero komentarioetan kexatzen bagara, orduan milaka pertsonak gure kontran jarriko dira umorerik ez dugula esanez edo, besterik ez, guk irainez.

    Baina ez Youtube bakarrik. Tabuak direla eta, inork ez du honi buruz hitzegiten, baina pornografia gehiena gaur egun interneten bidez kontsumitzen da. Izan ere, pornografiaren edukiak aztertzen baditugu, ikusiko dugu, gehiengoetan emakumeen kontrako biolentzia erabiltzen dela, bai fisikoa (bortxaketak, asfixiako jokoak, prakitka berriak…) bai sinbolikoa (posturak, jarrerak, rolak…). Pornografia gizonezkoen perspektibatik egina dago, gizonezkoen fantasiak eta desioak betetzeko, zuk esan duzun bezala, haiek baitira sujetuak eta guk objektuak. Gertatzen dena da, gazte askok pornografiaren bidez ikasten dutela sexua eta sexu harremanei buruz, baita emakumeen eta gizonezkoen arteko harremanei buruz ere, haien sozializatze prozesuaren zati inportantea da eta. Hau da, azken finean, ikasten dutena gizonezkoak emakumezkoen gainean daudela da.

    Nik uste dut hau guztia sahiesteko garrantzitsuena hezkuntza dela, eta batez ere genero kontuak, haur hezkuntzatik kurrikulumean sartu beharko liratekeela.
    Baina hori, zure testua oso polita izan da eta oso argi azaldu dituzu gaur egun gertatzen hari dena, agian, genero kontuetan heziketa berezia dugunak baino hobeto!

  2. egilea: Eli Altuna Zurutuza

    Ez duzu arrazoirik falta, Marta.
    Urte puska bat badut dagoeneko, eta duela 30 urte gainditutzat ematen genituen zenbat estereotipo ikusten ari naizen inguruan bizi-bizi, inoiz baino goraipatuago!
    Denetik egongo da, bai; baina…

    Animo! Segi idazten!

  3. iker.gandiaga@gmail.com' egilea: Iker Gandiaga

    Erabat ados nago adierazi duzunarekin Marta! Izan ere, matxismoaren egoera oraindik presente dagoen faktore bat dugu subliminalki adierazita, zuk azpimarratu duzun legez.

    Egia esan, adierazi beharra daukat egoera larri hauei buruz ez naizela ohartu zure testua irakurri dudan momentura arte, eta egoera ikaragarri kezkagarria dela azpimarratu nahiko nuke. Gaur egungo gizarte moderno eta aurreratu honek, betidanik egon ohi izan diren izaera matxistak erabiltzeak gure aurreratze maila agerian uzten du. Halaber, egoera hauek gertatzen dira eman izan diren aurreiritziez ohitu izan garelako eta sozialki gizarte atzeratua bihurtzen gaitu gurean halatan jarraitzen badugu.

    Honenbestez, saiatu beharko ginateke egoera hauek aldatzen. Izan ere, emakumeak eta gizonak konparatzeari utzi beharko genioke. Honek, aurreiritziak eta tratu hobeagoak edo txarragoak ahalbidetzen dituelako. Halatan, pertsonak dituen nolakotasunaz baliatu beharko ginateke, mundu justu batengatik, hain zuzen. Pertsona bakoitza ezberdina da, emakumea nahiz gizona izan.

  4. jon.corral@telefonica.net' egilea: Jon

    Baten batek esan duen bezala, adin bat daukagunok zenbait gauza gaindituak zeudela pentsatzen genuen. Baina orain dela gutxi atera den gazteen artean egindako enkesta baten arabera, oraindik gauza asko daude gainditu beharrekoak.
    Lanaren esparruan, aurrera pausoak emanak zeudela ziruditen, nahiz eta onartezinak diren zenbait ezberdintasun oraindik ere egon: lan baldintzetan, ordaindutako soldatetan, ordutegietan,….
    Baina argi dago etorkizuna emakumeena izango dela, orain arte gizonezkoak ziren zenbait lanbide eta ikasketetan. Zorionez, emakumeen kopurua gora egiten ari da modu nabarmen batean eta hori epe motz batera emakume eta gizonen berdintasun bihurtuko da.
    Kezkagarria iruditzen zait lehen aipatutako inkestaren emaitzen arabera, oraindik gazteen artean mantentzen diren hainbat ideia eta joera matxistak, neskalagunen mugikorra kontrolpean edukitzea, sare sozialetan zintzilikatzen dituzten bideo zikinak, emakumeen rolari buruzko ideia matxistak,…
    Lan asko dago egiteko oraindik, baina ezkuntzaren bitartez aurrera pausoak eman beharko ditugu egoera baikorrago bihurtu ahal izateko.

Utzi erantzuna Iker Gandiaga(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude