Mila izarreko hotela II

2013-03-31 15.11.41(1)Eguneroko erritmo lasterrari stop. Paraje berriak amets. Aurten ere ortzemuga zabalago eta eguzki gozoagoen bila abiatu gara. Castelló aldera, oraingoan. Azken hemuga: Irtako mendilerroa. Helburua, besteak beste, elkarrekin egotea.
Utzi ditugu atzean erosotasuna, lagunak, lana eta familia; haien ordez, espazio txikiak bere dituen ezerosotasun eta baldintzetara egokitu gara beste behin. Hala, prestatu dugu gure furgoneta astebeteko ibilaldiari ekiteko. Ez telebista, ez ordenagailu, bai ondo!!
Baseliza, itsasargi eta askaldegietan hartu dugu ostatua. Haien lasaitasun eta edertasunean babestu gara, eta lokartu ezkai nahiz kamamilaren lurrinen ondoan. Itsasoaren urruma entzunaz egin dugu amets eta izarren argitasunak blaitu ditu gure gauetako irri nahiz hizketaldiak. Izadiaren handitasunaz harritu gara, txunditu, bat egin.
Ertaroko herri, azoka eta gazteluek lagundu digute gure ibilian, hondartzetan, eguzkiak eta haizeak. Hango eta hemengo harresi eta kale estuetan utzi ditugu gure urratsak.
Sastago, Morella, Vinaros, Peñiscola, Alcosebre, Torre Balnaca, Villafames, L’Alcora, Lucena, Moro de Rubiola, Teruel, Zaragoza gogoan ditudan zenbait. Eta, nola ez, pasieran ahaztu zaikidan gehienak. Ederrena nire ustez: Irtako natura parkea. Itsasoaren magalean gorde duten Castellóko azken erreserba. Eguzki eta diru goseak suntsitutako kosta ederrean.
Bitxia egin zitzaigun, kasu, eraiki berri zen itsasertzeko urbanizaziotzar batean erortzear zegoen etxe baten irudi deslaiatua, urtarrilean aterarazi zituzten bizilagunak, hamar solairuko dorretik. Hondarrak ezin eutsi zimenduei. Azken urteotan ezagututako burbuilaren eztanda tristearen itzala baino ez.
Jolastu gara gure artean, futbolean, harriekin, olatu, karramarro eta hitzekin. Pilota dantzatu dugu aurkitutako tenis pista eta pilotaleku bakanetan. Kartak izan dira nagusi iluntzetan. Eta kontuak, eta isiltasuna, eta abestiak, eta musuak …
Astebeteko bizipenak. Estresa eta bekozko iluna baztertu dituzten egunak. Astebete baino ez. Abentura laburra guretzat. Eguneroko bizitzari ekiteko arnas berria.
Halere, bitxietan bitxiena Irtako itsasertzean barrena egindako txango batean ezagututako mutilaren kontua. Bera gu bezala, oinez zihoan, kalarik kala harkaitzetan saltoka, motxila izugarri bat gainean zeramala. Azkar zebilen. Presaka, esango nuke. Eguna amaitzear zen eta. Kaixo esan eta nondik zetorren galdetu genion. Bartzelonatik erantzun zigun. Oinez? Bai. Nora zoaz? Tibetera. Erantzunak hitzik gabe utzi gintuen. Tibetera oinez? Bai. Sei urteko abentura.
Musu eman genion, eta bidaia ona opa. Hurrunean bere irudia galtzen ikusi genuen eta geure abenturaz gogoeta egin genuen, Irtako natur parke ttipiaren mugetan.

Egilea: Ilena
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

2 erantzun Mila izarreko hotela II-ri

  1. egilea: iker

    Barkatu, baina testu honek Tibet zer den azaltzeko duen estekak txinatar ofizialismo inperialistaren aldeko ikuspegia ematen duela uste dut… Horrekin ez dut esan nahi Dalai Lamaren eta bere errejimen zaharkitu eta, halaber, ankerraren alde nagoenik ere. Baina, nori berea, Jainkoaren Legea.

    e-pistola.

    • egilea: Legazpi6

      Bai, hala da, txinatar ofizialismo inperialistaren aldeko ikuspegia da Wikipediak ematen duena. Hortik kanpokoak zorrotz samar zentsuratuak topatuko dituzu. Zalantza handiekin ipini genuen esteka baina euskaraz besterik ez genuen topatu. Aldarrikapenak euskaraz egiten dituenik badago bidali arren eta berehala ipiniko dugu!

Utzi erantzuna Legazpi6(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude