Milioi askoko dohaintzak

Arestian Amancio Ortega, Inditexen jabea eta Forbeseko dirudunen zerrendan 5. sailkatua, izan dugu hizpide Espainiar Estatuko hedabide guztietan. Izan ere, 20 milioi euroko dohaintza egin dio Cáritasi, eta hori erakundearen urtebeteko aurrekontuaren %12 da, atximurkada polita, alegia. Ondorioz, komunikabide gehienek santutzat, pertsonaia eredugarritzat, zintzotzat jo dute, eta baten batek Robin Hood bailitzan ere goraipatu du; ez denek, ordea, ez herritar guztiok, bederen.
Izan ere, dirutza hori bere ondasunekin alderatuz gero eta gauzatutako dohaintza ehunekotan aztertuz gero, erabat ezberdina izango litzatekeen izenburua eskuratuko genuke: Amancio Ortegak bere ondasunen %0,06ko dohaintza egin dio Cáritasi. Honek irakurketa eta, beraz, eragin zeharo ezberdina izango luke hedabideetan, baina, batez ere, herritarrongan. Bada, hilero mila euro irabazten duen batek 60 euro emango balitu hil bakar batean, Amancio Ortega baino santuagoa, eredugarriagoa eta zintzoagoa izango litzateke.
Beste aldetik, Inditexen jabearen ondasunen jatorria dago. Nola izan liteke Zara eta antzeko dendetan hain arropa merkea aurkitzea? Bada, bere ekoizpena herrialde ez garatuen esplotazioan oinarritzen delako. Ekoizpen lantegi nagusiak Maroko, India, Errumania, Txina eta Hego Amerikako herrietan ezarrita daude; eta Marokoren kasuan, esaterako, bertako langileek –eskolatu gabeko haurrak askotan– 12 orduko eguneko jardunaldi baten ondoren, hilero 165 euroko soldata jasotzen dute, hots, 70 zentimo orduko gutxi gorabehera. Bere dohaintza bezain eredugarria den lan baldintza, dudarik gabe.
Hala ere, ez ditut datu gogor hauekin Inditex enpresak Espainiari egiten dizkion ekarpenak zalantzan jarri nahi, lanpostu andana sortzen baititu gure inguruan, eta baldintza ez hain kaskarrean, gainera. Baina behin eta berriro aldarrikatzen ari diren mundu globalizatuan honelako bidegabekeriak eta ez ikusiak ikusteak, zalantzarik gabe, ekimenaren borondate ona dantzan uzten du.
Beraz, nik, behinik behin, Ortegaren nahiek eta desioek sinesgarritasuna izan dezaten, bere irabazien zati handi bat lehen aipatutako herrien lan baldintzak hobetzen inbertitzen ikusi beharko nuke; eta era anonimoan gainera, ezezagunak baitira azken finean, Caritas eta honelako erakundeei aurrera egiten laguntzen dietenak. Baina, noski, honek Forbes aldizkariko lehen postuetatik kanpo egotea dakar, eta %0,06 eskaintzearekin komunikabideek bere izena goraipatzen badute, zertarako gehiago inbertitu?

Eneko Bereau

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude