Miopiaz

miopiaUdako irakurketa bati buruz idaztera natorkizue gaurkoan. Ikasturtean zehar betarik ez eta orain aprobetxatu behar! Historias de Miopes du izena liburuak, Sara Gutierrez zirujau oftamologoa eta Eva Orue kazetaria dira egileak. Benetan liburu bitxi eta interesgarria dela esango dizuet kontaketari ekin aurretik. Neu miopea nauzue eta ni bezalako asko dago gure euskaltegian. Ikasleen zenbatekoak daramatza betaurreko edo lentilak? Erdiak? Gelan galdeketa egiteko moduko kontua da, hala uste dut. Baina galdeketari ekin aurretik, liburutik hartu dudan pasarte bat ekarri nahi dut hona. Itzulpena neuk egina da, ondo ulertzeko moduan egin dudala uste dut. Irakur ezazue mesedez eta ea zer iruditzen zaizuen.

128. orrialdetik:

(…) Hipotesiak arrazoizkoa irudien, baina denak ez ziren konforme. Bere hitzaldian, Cotallo de Cáceres doktoreak ikuspuntu oso ezberdin bat aurkeztu zuen. Berarentzat, gizon prehistoriko miopea, gaizki ikusteagatik hain zuzen ere, baliogabea zen tribuaren hainbat zereginetarako eta kobazuloan geratuko zen ziurrenik. Emakumeak, haurrak eta ondasunak zaintzen geratuko zen eta haren bizitzan ehiztarien bizitzan baino arrisku gutxiago izango zen. Hemen bada xehetasun interesgarri bat, hau da, ikusmen bikaina zuten ehiztari ausartek mamuten atzetik beraien bizitza arriskua jartzen zuten bitartean; begi motza edo miopea abandonatutako emakumeengandik gertuago zegoen kobazuloko epeltasunean, eta horrela, espeziearen jarraipenean miopiak ederki iraun zuen belaunaldiz belaunaldi. Kontuan izan, gainera, arte lanak sortzeko bi abantaila zituela; batetik miopeak izan ohi duen gerturako ikusmen ona, eta bestetik aisialdi zabala.

Polemika honen harira, liburu honen egileak bi emakume garelarik, ia derrigorrezkoak diren galdera batzuk datozkigu: kobazuloetako emakumeek ez al zuten miopia genik? Agenetikoak ziren akaso? Ez al zioten euren ezaugarri fisikoei jarraikortasunik ematen? Bere genea transmititzeko gai izango zen makume mioperen bat izango zen kobazuloan, ezta? Gaixotasunen transmisioan emakumearen garrantzia alde batera uztea diskriminatzailea da erabat, hala uste dugu liburu honen egileok. Bestalde, artista miopearen irudia ederra iruditzen zaigu oso; kobazuloetako arra ez zen gizon koldar bat, lurrazpiko artista bat baizik. Miopia dutenentzat kontsolamendu polita.

Miopia mailaren arabera ere aldeak izango ziren, ez baita gauza bera miopia arina izatea eta miopia handia izatea. Kobazuloetako miope arinak taldearen babesa eta mantenua izango zituen, eta hori oso garrantzitsua zen, berak ezingo baitzuen bakarrik edo isolatuta bizi. Tribuarentzat artisau trebea eta emankorra izango zen ziurrenik. Miope handia aldiz, tribuarentzat zama antzua izango zen.

Gune prehistorikoetan indusketak egin izan direnean, marrazki fin eta oso landuak aurkitu izan dira, euskarri anitzetan eginak; harrietan, arbeletan, bolitan, hezurretan, adarretan, maskorretan etab. Horrelako lanak egiteko gerturako ikusmen bikaina behar da. Bi adibide aipa ditzakegu: Gandía ondoko Parpalló kobazuloetan, ia bost mila xaflatxo aurkitu ziren horrela apaindurik, eta Labattut-en, Frantzian, harri zapal batean egindako grabatu bikainean, zaldi bat ikus dezakegu, baina marrazkiaren arrastoak 1:20 eta 1:100 milimetrokoak dira! Lan hori egin zuen artista miopea zela uste da; beste edozein gizakik baino gerturako ikusmen hobea edukiko zuen, eta horregatik egin ahal izan zuen horrelako lana.

Miopiaren garrantzia beste hainbat aurkikuntza arkeologikotan ere topatu izan da; hasi Mesopotamiatik, Asia Txikia eta Egiptoraino. Eskuizkribu eta grabatuen kalitate bikainak pentsarazten du miope batek egin zituela; emetrope batentzat eta, are gutxiago, hipermetrope batentzat ezinezko zereginak izango zirelarik.

Miopiari egindako lehenengo aipamena, Aristotelesen Arazoak lanean topa dezakegu (Kristo aurreko IV. mendea). Ikusmen motza zutenen artean, kaligrafia txikia eta, maiz ñimiñoa, izaten zela ikusi zuen Aristotelesek.

Liburu interesgarri honetan, aurrerago aipatzen dute pintore inpresionista asko ere miope zirela: Rodin, Monet, Degas, Matisse, Touluse-Lautrec eta Van Gogh bera.

Eta zu, miopea al zara? Miopea eta artista ere bai?

Egilea: Barraskilo hegalaria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude