Munoaundi, Burdin Aroko herri harresitua. Olagizonen arbasoen bila

Munoaundi. ArgazkiaEskola garaian denoi erakutsi ziguten gizakiak egindako lehen tresnak harrizkoak zirela eta, teknologia garatzen joan zen neurrian, metalurgiak hartu ziola lekua harriari. Badakigu Gipuzkoan metalurgiak tradizio luzea duela ere: Erdi Aroan burdinolak sortu ziren, eta Aro Berrian, berriz, labe garaiak. Tradizio horren jatorriaz, ordea, zer? Zer dakigu burdinaren lanketaren hastapenaz?
Gutxi, ziurrenik; izan ere, arkeologia lanek duela gutxi arte ez dute gai horren inguruan argi handirik egitea lortu. Baina, egoera hori aldatzen hasia da, eta airean utzitako galdera horri erantzuteko giltza Munoaundi aztarnategian garatzen ari diren lanei esker aurkitu da: bertan idoro dira burdingintzaren lehenengo aztarnak, duela 2.500 urtekoak.
Munoaundi Burdin Aroko herri harresitua da; Azkoiti eta Azpeitiko udalerrietan dago, mendi gain batean, eta 7 hektarea ditu. 1995. urtean aurkitu zen, eta, geroztik, Aranzadi Zientzi Elkarteko kideak haren ikerketa arkeologikoa garatzen ari dira. Zenbait lan isolatu egin eta gero, 2006tik aurrera indusketa arkeologikoa egiten ari dira aztarnategiaren bi eremutan. Lan horiei esker, datu esanguratsuak lortzen ari dira, bai herriaren arkitekturari dagokionez, bai Burdin Aroko bizimoduari dagokionez, eta, horren barnean, metalurgiaren inguruko informazioak garrantzi handia du.

Munoaundi aztarnategiaren deskripzioa eta lehenengo emaitzak

Muniaundin harresi batek inguratzen du herria, nahiz eta gaur egun erorita eta estalita egon. Harresiaren goialdean terraza artifizial bat dago, 5 bat metroko zabalerakoa, etxebizitzak eraikitzeko zonalde lauak lortzearren.
Indusketa-lanetan herriaren sarbidea aurkitu da aztarnategiaren mendebaldean: 2 metroko zabalera du, eta harresiarekiko zut irekitzen da. Bide horren alboetan babes-egitura edo dorre bana ditu –harrizkoak horiek ere–. Gaizki kontserbatu den arren, sarrera monumentala izango zen, dorreek 12 metroko luzera baitute.
Era berean, arkeologoak okupazio-mailen lehenengo aztarnak agerian uzten ari dira Munoaundin. Horrela, etxebizitzen arrastoak agertu dira –harresiaren kontra eraiki zituzten– baita material edota pieza ugari ere: nekazaritzarako harrizko errotak eta zereal-haziak; merkataritzan erabilitako brontzezko pisu bat; apaintzeko eta janzteko gerriko belarri bat eta fibula bat –jantziak lotzeko orratza–; burdinazko lantza-punta bat, aiztoak etab.
Egitura eta elementu horiei guztiei esker ezagutu ditzakegu duela 2.500 bat urteko bizimoduak eta herrian gauzatzen ziren jarduerak.

Metalurgia-gune interesgarria

Arestian esan bezala, Munoaundin metalezko gauzaki ugari agertu dira. Bizitzaren arlo ia guztiekin lotuta daude, eta gehienak brontzezkoak eta burdinazkoak dira. Baina, piezak aurkitzeaz gain, metala aztarnategian bertan lantzen zutela ere ziurtatu du indusketa arkeologikoak. Izan ere, metalezko piezak ekoizteko beharrezkoak diren material eta tresnen aztarnak aurkitu dira: batetik, errekuntza-labeak indusi dira –oraingoz, bi azaldu dira–; bestetik, haien inguruan zepak berreskuratu dira, hau da, metalurgia-prozesuetan sortzen diren hondakinak.
Zepen analisi metalogistikoek Munoaundin burdina lantzen zutela baieztatu dute, eta, gainera, ekoizpen handia izango zen, hondakinen kopuruari erreparatuz gero. Aztarnategi hori ezagutzen den Gipuzkoako lehenengo metalurgia-gunea izan zela esan daiteke, burdinolen eta labe garaien aurrekaria.
Ikerketa arkeologikoa amaitu ez denez, espero dezagun metalurgiari buruzko informazio gehiago lortzea, Gipuzkoako lurraldean hain garrantzitsua den jarduera ekonomiko horretaz gehiago jakiteko.

Sonia San José

KomaHantxeren ikaslea

Egilea: KomaHantxe
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude