Neguko gure jaiak: Kandelario, San Blas eta Santa Ageda

kriseiluNegu gorria iritsi zaigu, izan ere aste hau neguaren bihotza omen den egunarekin hasi genuen, hala dio esaerak, Kandelario eguna dela neguaren bihotza.

Kandelario egunaren ondoren, San Blas, Santa Ageda, eta beste hainbat etorri zaizkigu ihauteriak edo aratusteak iritsi bitartean.

Kandelario egunean kandelak eta argizariak bedeinkatzen dira. Ondoren, bedeinkatutako kandela horiek, ondo gorde eta urtean zehar erabili egiten dira, hori bai, aparteko gertakizunen bat (azterketak, esaterako!) izaten denean, zerutik emandako indarra daukatela uste baita. Aparteko babesa behar denerako ere bai, tximistak direnerako adibidez. Etxekoren bat hiltzen zenean ere erabiltzen ziren, gaubeila egiteko eta hilarriaren gainean pizteko.

Hurrengo egunean, asteartean, San Blas izan genuen. San Blas egunez ere bedinkazioa egiten da elizan: leporako hariak (Abadiñon esaterako), gozoki, fruta, erroskila eta opilak bedeinkatzen dira. Neguan, eta urte osoan zehar, eztarriko gaitzik etor ez dadin, jan ohi dira. Bedeinkatuta daudenez, fruitu eta jateko hauek ezin dira edozein tokitan bota, horregatik, jaten ez badira erre egin behar omen dira. Ganaduak-eta etxekoak direnez, leku batzuetan San Blas egunean ere bedeinkatu egiten dira, eta ez dute lanik egin behar izaten. Sarri hari bedeinkatua ipintzen diete eta Hausterre egunean erre.

Gaur, otsailaren 5a, Santa Ageda eguna dugu. Bezperan, santa-eskean kantuan ateratzeko ohitura oso errotua da gure artean; Bizkaian batez ere, baina baita gainerantzeko lurraldeetan ere. Tradizioak dioenez, Santa Ageda Sizilian jaio zan III. mendean. Orduko Quintianus gobernadoreak berarekin ezkondu nahi izan zuen, baina hori hala izango bazen,
kristauen fedeari uko egin behar zion. Santa Agedak, ostera, ez zuen halakorik egin nahi eta, ondo zigortu eta torturatu ondoren, hil egin zuten. Bularrak ebaki zizkioten; horregatik, herri-tradizioan bularreko gaixotasunen eta, emakumezkoen gainerako gaitzen babeslea dugu Santa Ageda.

Esan bezala, gure herrian ospe handikoa da santa hau eta bere irudia abesti eta esaera zahar askori lotuta dago (“San Blas eta Santa Agedako feriak, mutil-neskatxen ezaupideak” edo “Santa Ageda santea, Muniketako lorea; martirioak pasau zenduzan zaindutearren fedea”). Araban berriz, mutil gazte ezkongabeen zaindaria zen, horregatik halakoak ateratzen ziren errondan. Herriko gazteriarekin lotura handia duen martiria da, batez ere
Araba aldean, eta herri askotan egun horretan beren jaieguna ospatzen zuten.

Nafarroan ohikoa zen kanpaiak jotzea gau horretan, ez ordea kantuan ibiltzea; hori mendebaldeko ohitura izan da batez ere. Hala ere 60ko hamarkadan usadio hori
denera zabaldu zen eta hala jarraitzen du. Julio Caro Barojak erromatarren Matronalia jaiekin lotzen du Santa Agedaren ospakizuna. Izan ere, matronalia emakumeen jaia zen, emakume ezkonduena batez ere. Senarrek opariak egiten zizkieten emazteei egun horretan, eta emakume esklaboen jai eta askatasun eguna izaten zen.

Egilea: Ziabloga
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude