Ni ez naiz arrazista …


“Ni ez naiz arrazista, ordenatua baizik. Bakoitza bere herrira!” Hori dio nire lagun batek, inguruko irribarreak lagun dituen bitartean. Denok, aurrerakoi eta ezkertiar sutsuak, ez pentsa. Herriko aldizkaritik “etorkinen arazoari” buruz nire iritzi xumea idaztea eskatu zidatenean, gura barik bi pasadizoak lotu nituen buruan. Biek ikuspegi itxia eta sinplea islatzen dutelako, hain zuzen ere. “Etorkinen arazoa”. Ez al zaizue paradigmatikoa iruditzen azkenaldion “etorkin” hitza “arazo” hitzarekin batera agertzen den maiztasuna? Denontzat lana egon den heinean, multikulturalismoa eta mestizajea non-nahi entzun genitzaken hitzak ziren. Egoera okertu denean, aldiz, mesfidantzaz begiratzen ditugu inguruan dauzkagun etorkinak.

Gure auzoa ez da aldaketa honetatik at geratu. Langile-auzoa da gurea, etorri zirenek eta jada bertan zeudenek eraikitakoa. Arropak denon begitara lehortzen diren horietakoa. Orain dela urte batzuetatik aurrera, usain berriak etorri zaizkigu sukalde-patioetatik gora. Pixkanaka hasiera batean, etengabe azkenaldi honetan, etorkinak ugaritu dira gure auzoan. Munduko toki ezberdinetatik heldu badira ere, gehienak Magrebetik etorri izan dira; musulmanak, beraz. Hasieran, pisu batean biltzen ziren otoitz egitera. Bertan elkartzen zen jende-kopurua hazi besterik egiten ez zenez gero, aurreneko arazoak eduki zituzten inguruko bizilagunekin. Hori dela eta, beste lokal bat bilatzeari ekin zioten. Legedira egokitze aldera, komunitate musulmanak lokal berri bat erosi zuen, eta lizentzia-tramiteak bideratzen hasi zen. Arazoa konpondu zela eta denok konforme geratuko zirela uste genezake, ezta? Ez, ba. Auzo-elkarteak bultzatuta, jendea kalera irten zen berriro, Udalak proiektua bertan behera uzteko presionatu nahian. Burura etortzen zaidan galdera zera da: zein zen benetako arazoa?

Gure gizarteak Islama fanatismoarekin eta delinkuentziarekin lotzeko joera dauka. Krisi-garaian hirugarren hanka bat gehitzen zaio uste horri: guk baino laguntza sozial gehiago eskuratzen duten ideia. Halaber, kultura arrotza da guretzat, eta ezezagupenak beldurra dakar. Beldur honetaz baliatuz, auzo-elkartearen barruan jarrera arrazistak nagusitu izan dira. Argudioak ahulak izanda ere, bizilagun asko aldarrikapen hauekin bat datoz. Batetik, ez dela lekurik aproposena eta jende gehiegi bilduko dela aipatzen dute, meskita beste tokiren batean egin dezatela gaineratuz. Hau da, errealitatea ezkutatzea edo lekualdatzea da beraien irtenbidea. Bestetik, lapurretak eta istiluak eguneroko kontua direla ziurtatzen dute. Hala ere, egoera “jasangaitz” hori ez da inolako salaketan gauzatu. Izan ere, bakar bat ere ez da jaso herriko komisaldegian.

Honezkero, elkarbizitza erabat hautsi da auzoan, eta haurren arteko borroka txikienagatik ere arraza-gatazka bat egin nahi dute batzuek. Noski, gure ohiturak eta legeak errespetatu egin behar dira, baina hori ez dago auzitan. Integrismoaren beldur daude, baina, era berean, fanatismoz jokatzen dute inongo disimulurik gabe Konstituzioan agertzen diren bi artikulu ukatzen dizkietenean: edozein jainkori otoitz egitea, eta askatasun osoz biltzea. Argi dago fanatismoa ongi banatuta dagoela munduan zehar.

Tira-bira hauek kolokan jartzen dute urtetan zehar eskoletan gure umeek landutakoa. Non geratzen dira elkarbizitza, tolerantzia edo errespetua kalera irtetean kontrako portaerak ikusten badituzte? Zentzuz jokatu beharko genuke, beraz, egoera bihurri honi bira emateko eta elkarrekiko konfiantza berreskuratzeko. Badakit erraza dela esaten, baina askoz ere zailagoa egiten. Hala eta guztiz ere, itxaropentsu naiz gure haurrekin, balore horiek gurasoek baino errotuago dauzkatelakoan bainago. Etorkinen haurrekin batera hezi izan dira, batera jolastu, baita musukatu ere. “Haiek” eta “gu”ren arteko mugak lausotu dituzte bidean, eta honek ez dauka atzera bueltarik. Gehiago esango nuke: litekeena da haur hauek atzerrira eskutik joan behar izatea lan bila. Oraingoan biak etorkin, geureak eta eurenak, iparralderako norantza hartuz. Iparralderago, alegia.

Mikel Meno San Martín
Ondarberri auzoko bizilaguna

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude