NIK FUTBOLA AUKERATU NUEN

Gure Andres ikasleak iritzi artikulu interesgarri bat helarazi zigun, eta, orain, hementxe duzue, zuen iritziaren zain.

1993an, Bostongo justiziak ez zuen aukera izan epaitzeke zeuden apaiz katolikoak erruduntzat jotzeko. Epaiketa amaitzeko bi egun falta zirela, hango Gotzaindegiak eta apaiz horien abusuen biktimen sendiek justiziatik kanpoko akordio bat egin zuten. Zenbakiak ez ziren jakitera eman, baina iturri independente batzuek argitaratu zuten 3.000 milioi dolarretik gorakoak zirela. Spotlight filmak ondo baino hobeto erakutsi zuen nolakoa izan zen biktima horiek bizitako sufrikarioa, amaigabeko infernua.

Gu, berriz, ezjakintasunaren zeruan bizi izan gara, orain arte. Gaztelueta ikastetxearen eta Juan Kruz Mendizabalen kasuek argi utzi dute gai honetan –ere– ez garela hain ezberdinak. Gure inguruan, eta erlijio nagusia izan den leku gehienetan, Eliza Katolikoko kide batzuek egindako gehiegikeriak ezkutuan gelditu dira biktimak ez zirelako ausartzen sufrimendu horiek salatzen: lotsa, gizarteak zer esango duen, Elizaren boterea… Cocktail horrek saihestu du, orain arte, horrelako aferak azaleratzea. Eta hori gutxi balitz bezala, jazarpenak pairatu dituzten askok jarraitzen dute oraindik errudun sentitzeak sortzen duen barruko egonezin hori gainditzeko ahaleginetan. Nolanahi ere, argi geratu behar da gain honetan errudun asko daudela.

Lehenik, Gaztelueta kasuan, adibidez, biktimak behin eta berriro adierazi zuen ikastetxeko arduradunek ez ziotela inongo babesik eman, ez salaketa jarri zuenean, ezta jarri ondoren ere. Eskolak.

Bigarrenik, Juan Kruz Mendizabal kasua argitaratu zenean Urkullu lehendakariak aipatu zuen auzi hori Elizaren barruan konpondu behar zela. Politikariak.

Hirugarrenik, kasu horretan berriro, Donostiako gotzain nagusi Jose Ignacio Munillak salaketak jaso zituenean barruko epaiketa antolatu zuen, zeinetan Mendizabal erruduntzat jo zuten; horren ondorioz, Elizaren justiziak ebatzitako zigorra ezarri zioten. Eliza.

Azkenik, Espainiako Fiskaltzak aferaren berri izan zuenean jakinarazi zuen peskizetan hasiko zela. Lan erraza zeukan. Joan zitekeen Munillarengana bere epaiketa horren aktak eskatzeko. Hor aurkituko zituen behar zituen peskizak. Justizia.

Bestalde, asko dira airean gelditzen diren galderak. Zer dela eta antolatu du Munillak barruko epaiketa bat eta ez du zuzenean gai hau jarri fiskalaren esku?  Espainiak eta Vatikanoak 1982. urtean sinatutako Konkordatuak zer esaten du gai hauen inguruan? Zergatik ez du oraindik deitu Juan Galparsoro fiskal nagusiak Munilla jauna azken honek daukan informazio guztia eskuratzeko? Eta azkena, biktimek bere buruari egiten diotena, “Zergatik niri? Zergatik?”

Arestian aipatutako filmean, Spotlight-en, kazetaria biktima bat elkarrizketatzen ari denean azken honek aitortzen dio atletismoko entrenatzailea izan zela bera bortxatu zuena. Biek eskola berean ikasi zutenez, honela galdetu zion kazetariari: “Eta zuri ez zitzaizun ezer gertatu?” Eta kazetariak: “Ez. Nik futbola aukeratu nuen”. Patua.

Egilea: KomaHantxe
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude