NIRE AMAREN GAUZAK

ItziarNire amak bere garbigailua birprogramatu du. Badakit sinesgaitz dela, baina berak egin du eta tresnak ez du jadanik seriez zekarren programazioa erabiltzen. Orain badaki uraren tenperatura zehatza aukeratzen eta artilezko jantziak 13,3 gradutan garbitzen ditu; xaboia eta lixiba hiru txandatan dosifikatzeko modua aurkitu du eta harizko ahozapietan aspalditik itsatsita zeuden orbanei behin-betiko agurra egin die; eta toallak garbitzerakoan, zentrifugazio bukaezina programatzen du eta ez ditu esekitokian zintzilikatu behar. Bere garaiko emakume modernoa da. Ni, berriz, ez naiz bulegoko ordenagailuan Javaren azken bertsioa ondo instalatzeko gauza.

Garbigailuarena, bestalde, ez da azken bolada honetan etxean egin duen aldaketa bakarra. Joan den hilean, energia aurreztu behar zuela erabaki eta foto-zelula instalatu zuen hegoaldeko fatxadan, pertsianak eguzki indarraren arabera automatikoki igo edo jaitsi daitezen. Eta herenegun, lapurretak gorantz zihoazela entzun zuenez, azken belaunaldiko softwarea deskargatu zuen, ez dakit zein webgunetik, eta udal ziurtasun kameren sisteman sartu zen blue-tootharen bidez. Orain, hiria osorik kontrolatzen du udaltzaina balitz bezala. Berdin zaio, gainera, arreta puntuak asko izatea. Telebistako pantaila lau zatitan banatu du eta udaletxeko sarrera, Tabakalerako erakusketa aretoa edo Urgulleko bazter ezkutueneko irudiak ikus ditzake zuzenean. Eta sobratzen zaion laurdenean, gustukoa duen telesailari ere begiratzen dio. Ni, aldiz, buru belarri nabil ordenagailuko menuak minimizatu behar baditut programa bat baino gehiagorekin aldi berean lan egiteko.

 

Askotan galdetu ohi diot zer dela-eta etorri zaion orain, laurogeita bi urte betetzear dagoela, berritasunei buruzko jakin-gose hori. Eta berak sorbaldak altxatu eta nagiz erantzuten dit:

 

–         Denbora soberan daukat, eta badakizu izugarri aspertzen naizela ezer egin gabe.

 

Eta egia da. Ama ipurterrea da eta ezin du luzaro geldirik egon. Haatik, erantzun horrek duela urte batzuk izan zuen arazoa ezkutatzen du: preferenteen biktima izatear egon zen. Sukurtsaleko zuzendariak, konfiantzako gizon zintzo hark, saldu nahi izan zion pagotxa hura erosteko zorian egon zen; baina garaiz  jabetu zen eta azken momentuan atzera egin eta ez zuen sinatu. Geroztik ez da ez inorekin ez ezerekin fidatzen, eta teknologiarekin tematu da, beldurra baitio berriro proposamen erakargarrien eta hitz politen biktima izateari. Horregatik, gailu berri bat erosi edo aurrerapena baten berria izan bezain laster, argibide liburuan eta You-Tubeko tutorialetan murgiltzen da eta, irakurri eta ikastearen indarrez, teknologia berrien erabileran aditu bihurtu da.

 

Niri, bitartean, orduak falta zaizkit nire lana egiteko behar ditudan laguntza informatikoen funtzionamendua menderatzeko, funtsezko aplikazio berrien erabileran iaioa izateko eta garuna eguneratua mantentzeko. Eta oinaze itsaso horretan erdi itota nagoenean, ama deitu eta bulegora etortzeko eskatzen diot, atzeratua dudan zeregin pila arintzen lagun diezadan bere trebeziarekin. Gustura etorri ohi da semeari diosala egitera. Eta, bide batez, Javaren azken bertsioa instalatu, disko gogorra birusez eta troyanoz garbitu, sistema operatiboa eguneratu, pantailan sarbide zuzenak ordenatu eta Google irekitzerakoan agertzen den eta hainbat izorratzen nauen iragarki hori desagerrarazten du. Eta lana bukatutakoan, musu bat eskatzen dit eta itzultzeko aitzakiak asmatzen ditu:

 

  • … eta gogora ezazu aurtengo errenta aitorpena egiteko programa berria jaitsi eta instalatu behar dela, hilabete barru hiritar txartela aktibatu behar izango duzuela udal kiroldegietan sartzeko eta edozein tramite ofizial egiteko Izenpe txartela indarrean eduki behar duzuela. Ba al dakizu zureak balioa noiz galduko duen? Seguru ezetz! Lan gehiegi egiten duzu, seme -belarri aldeko ileak orrazten dizkit hori esan bitartean- eta egungo munduaren apetei erreparatzeko denborarik ez daukazu. Beraz, horrelako edozer egiteko laguntza behar baduzu, deitu besterik ez didazu egin behar, eta etorriko naiz.

 

Eta ateraino iristean niri eskatutako musua ematen dit eta agurtzen nau, bastoia airean astinduz.

 

Lasai egon daiteke: laguntza behar badut, deituko diot, ama eta biok osagarriak baikara. Nik hogeita hamar orduko egunak behar izango nituzke aurrerapenek lapurtzen didaten denbora eta lana bukatzeak eskatzen didatena uztartzeko. Berari, ostera, denbora sobratzen zaio eta, preferenteen istilu hura izan zuenetik, ez du ez klausula ez gidalibururik irakurri gabe uzten, oso hizki txikiz idatzita badaude ere, eta primeran moldatzen da bankari, informatiko eta antzeko faunarekin.

Egilea: Euskaldunberria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat NIRE AMAREN GAUZAK-ri

  1. mitemanexa@gmail.com' egilea: Manexa

    Ze suertea, horrelako ama bat izatea!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude