Nolakoa zen zure lehenengo bizikleta?

Hiriko bizikletak gero eta gehiago ari omen dira saltzen, hori dio albisteak. Entzungaiaren ondoren ikasleekin berriketan hasi gara eta gure haurtzaroa, gure lehenengo bizikleta izan dugu hizpide. Belaunaldiz belaunaldi bizikletak nola aldatu diren, gure haurtzaroa ere nola aldatu den, ikusi ahal izan dugu. Gaur egungo pedalik gabeko bizikletarik ez genuen ezagutu, ez alajaina!
Bizikleta oso gutxitan izaten zen norberarena soilik, gehien-gehienetan anai-arrebena izaten zen. Bizikleta berria senide zaharrenak jaso ohi zuen opari, gehienetan lehenengo jaunartzean. Ondoren senide gazteagoei ematen zien. Eugeniok kontatu digu bost senideen artean ibiltzen zutela bizikleta bakarra Alde Zaharrean, oso astuna zen BH bizikleta zahar bat. Astuna izanagatik lapurrak ederki asko ohostu zien bizikleta bakarra!

Lehengusuren baten bizikleta panpoxa ere iristen zen etxera tarteka, ezetzik ezin esan! Ana Marik kontatu digu nola bere lehengusinak bidali zion egundoko bizikleta panpoxa, “nesken bizikleta”. Larrosa kolorekoa, barrokoa zeharo, gurpil txikiz josia eta auzo guztia inbidiak jota edukitzeko modukoa! Mutilek ikasi ohi zuten baina neska ugari dira ikasi gabe geratutakoak, ez ei zen oso fina… Gerora arantza hori dutela geratutakoak ere badira.
Euskal Herrian ordeka gutxi eta aldapa ugari eta beraz bizikletan ibiltzea arrisku latza. Ulia aldean hazitakoen amak beldurrak airean egoten omen ziren kopeta noiz puskatuko, halaxe esan digu Susanak;  belaunak urratuta ibiltzea eguneroko ogia omen zen!

Etxe askotan haurrentzako bizikleta aproposik ez eta aitarenarekin ikasi behar. Joxean eta Rikardok hala ikasi zuten Donostiako Alde Zaharrean. Orbea bizikleta astun haien gainean jarri eta oreka mantentzea lortu arte aurrera! Purik kontatu digu istorio polita; bere etxean ez omen zen bizikletarik izan baina auzokoaren bizikletarekin ikasi omen zuen hark. Zoilo mediku aberatsa zuen bizilagun eta haren seme Zoilitori sekulako bizikleta oparitu aizue! Etxe hartako ume guztien bizikleta izan omen zen hura; auzolanean erabili eta gobernatzen zutena.

Istorio ederrak eta politak elkarri kontatu dizkiogunak. Gaur egun ez dago horrelako konturik baina ziur naiz gaur egun ere ilusio izugarriz ikasten duela ume batek bizikletan ibiltzen.

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude