Ohera joateko ordua heldu zaio

Aspaldiko koaderno bat topatu dut kaxoian garbiketa egiten ari nintzela, duela hamar urte ohar eta bitxikeriz bete nuen koaderno bat. Garbiketa egiteak horrelako gauzak ditu, altxor txikiak topatzen dituzula espero ez zenuen tokian. Zeureak  zenituen altxorrak.

Andolin Eguzkitzaren poema bat topatu dut bertan. Ondo gogoan dut lagun batek nonbaitetik txukun inprimatu eta nola itsatsi zuen bertan. Handik bi hilabetera hil zen laguna istripuz eta orain, Andolinen poema hau irakurritakoan, konturatu naiz agian keinu honekin agur esaten ari zitzaidala.

OHERA JOATEKO ORDUA HELDU ZAIO

Ohera joateko ordua heldu zaio,
ozta-ozta da gauza begiak lot ez dakizkion
egun oso bat lanean eman eta gero,
eta haatik saiatzen da beti ere
irudi horiek paperean jartzeko
fama eta izena emanen edo dizkiotenak.
Hala uste du berak bederen.

Baina ez du segurtasunik lortzen.
Ez daki bere lankideek maite duten.
Ez daki estimatzen ote duten eta beraren lana balioztatzen,
eta horregatik ekin eta ekin ari da
azkenez erdietsiko duelakoan.

Ohera joateko ordua heldu zaio,
baina seguru asko ez du bakerik lortuko,
ezta atsedenik ere begiak nekearen nekeaz lotu arren,
hainbeste kezkatzen du eta
besteek maitatzea eta beraren lana
ontzat jotzea.

Ohera joateko ordua heldu zaio,
eta halaz ere ezin dezake eguneroko zalantza hori itzal,
hobe izanen ez ote litzatekeen
behin betiko agur esatea eta
izpi distiratsurik gabe alde egitea.

Egilea: Barraskilo hegalaria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude