Ordiziako Azoka

Ordiziako Azoka hartuko dugu gaurkoan hizpide gure blogean. Urteko azken asteazkena izanik gaur Gabonetako Azoka Berezia ospatu baita bertan. Legazpi 6 Euskaltegiko ikasle eta irakasleok gaur zortzi izan ginen bertan eta negu usaineko azoka ederraz gozatu genuen; guretzat neguko txangoa izan ohi dena eginez.

Lehendabizi D´elikatuz zentrura joan ginen. Bertan munduko azokei buruzko erakusketa erakargarria ikusi genuen lehenengo solairuan. Ondoren bigarren solairura igo ginen Goierriri buruzko bideoa ikusi genuen, baita bertako historiari buruzko erakusketa ikusi ere. Eztabaida piztu zen Goierri zenbat herrik osatzen ote duten, Zumarraga eta Legazpi ere barne ote diren, bateko eta besteko iritziak entzun genituen baina konturik ez genuen argitu. Aurrera jarraituz gure gida Igorrek azaldu zizkigun elikadurari, zaporeei eta elikagaiei buruzko hainbat xehetasun interesgarri, D´elikatuz hori ere bai baita; elikadurari buruzko interpretazio zentru bat. Azken solairura igo ginen jarraian eta Idiazabalgo Gaztari buruzko erakusketa eta Ordiziako Azokaren sorrera eta garapenari buruzko bideo interesgarri bat ikusi genuen.

Eguerdia bazen dagoeneko eta gosetzen hasiak ginen. Kafea batzuk, salda besteek, aukerarik ez zen falta han! Giroa ere polita, jendea joan-etorrian eta berriketan. Azokan ikusmiran ibili ginen baina erosketak egiteko aprobetxatu zuenik ere izan zen! Ikasturte amaieran jasoko omen dute kuia batzuek eta honako kuia galant honi begira egon ziren! Erostera ez ziren ausartu hala ere… Errezil sagarrak, baba beltza, loreak eta, nola ez, gazta erosi genituen.

Azokako txoko batean euskara ikasten ari direnentzat horma bat zegoen prestatuta, haien bizipenak eta ideiak azaltzeko txoko bat. Hurbildu eta hara zer irakurri genuen! Guretzat aproposa zinez!
Martinez jatetxean bazkaldu genuen bapo; babarrun gorriak, legatza eta txokolate tarta. Nahi adina eta oso modu onean. Goxo-goxoa zegoen guztia eta umore ederran itzuli ginen trenera. Ea datorren urtean aurtengoa bezain txango ederra egiten dugun!

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude