OREKA MENTALA INDARTZEKO ARGIBIDE LABURRAK

irratiaGaur ohikoan baino baikorrago esnatu naiz. Gaizki egin dut lo, egunero bezala, laneko kezkak menderatzen saiatuz; baina esnatzeko orduan, pertsianaren zirrikitutik sartu den eguzki izpi bihurriak aurpegian zirikatu eta belarrira xuxurlatu dit:

–    Egunon. Gaur bukatzen da gauzak beti gorriak ikusteko epea. Erna ibili eta zeure burua zaindu! Zeuk ez baduzu egiten, inork ez du zure partez egingo.

Eta salto batez jaiki naiz ohetik.

Pertsiana igo eta leihoa zabaldu dut. Eta, bat-batean, eguzki konplizeak itsutu eta dotore janzteko proposatu dit; eta jaramon egin diot. Itxura argalagoa ematen didan “slim fit” alkandora, tiro baxuko praka argiak, marrazki dibertigarridun galtzerdi pare eta estreinatu gabeko “Bikkenbergs” zapatila distiratsuak aukeratu ditut armairutik. Eta horrela jantzita, ispiluaren aurrean plantatu naiz. Eta ispiluan islatu den tipo erakargarriak onarmen keinua egin dit erpuruarekin, eta gaur lanera ez joateko proposatu dit.

–    Zergatik? – galdetu diot harriturik.
–    Merezi duzulako, mutil! Ba al dago arrazoi hoberik?

Eta ez dut bitan pentsatu. Kalera atera naiz estres eta akidura ahazturik eta, aldarte berriaren eraginez, ikaragarrizko gauza onak gertatu zaizkit.

Boulevardetik paseatzen nindoala, terraza baten zerbitzariak ni deitu eta esertzeko esan dit. Erakuslea bularrera eraman dut: “Ni? Benetan? Nirekin ari al zara?”. Eta berak baietz erantzun du buruarekin. Jarraian, aulki bat mahaitik separatu eta esertzeko eskatu dit. Nik eskaintza onartu diot eta, handik gutxira, ostra dozena, Dom Pérignon txanpan botila eta egunkaria ekarri dizkit. “On egin”, esan du. Eta bapo gosaldu eta berriei errepasoa egin diet  patxada handiz.

Jauntxoak bezala terrazan eserita, bi dei iritsi zaizkit mugikorrera, baina ez dut ez bata eta ez bestea erantzun. Gaur ez. Gaur ez naiz ezetz esateko kirten ezgauza hori izango. Esnatu nauen eguzki izpiak esan dit: gaur bukatzen da egoerari zilipurdia egiteko epea, eta telefono ergel horrek ez du eguna izorratuko. Beraz, gailu madarikatua lurrean jarri eta kioskoraino bidali dut egundoko ostikadaz, botoi berdea sakatzeko tentaldia erabat aldentzeko. Zer moduz sentitu naizen? Ondo! Sentsazio ezin hobea izan da! Askatasun ikur bihurtu zait ostikada hori! Eta askatasunaren hegaletan igota, noraezean gidatzeko etorri zait gogoa.

Etxera itzuli naiz kotxea hartzeko. Eta ez didazue sinetsiko garajean sartutakoan aurkitu dudana: “Aston Martin” deskapotablea zegoen nire furgoneta zaharraren ordez. Ikaragarrizko kotxe eder eta azkarra! Bitan inguratu dut bolantearen aurrean eseri baino lehen. Eta, ondoren, larruzko eserlekuan kokatu naiz, lehenengoa sartu eta autopistaraino gidatu dut ziztu batean. Ticketa hartu gabe gurutzatu dut ordainlekua eta kapota jaitsi diot kotxeari. Haizeak bere gustura orraztu nau, eguzkiak nire autoestimua indartu du eta motorraren zaratak munduko erregea sentiarazi dit. Eta, kilometro batzuk bete ondoren, musika entzuteko gogoa etorri zait eta  irratia piztu dut. Gaztea, Rock FM, Radio 3 … kate guztiak sintonizatu ditut, Radio Maria izan ezik. Eta, orduan, haize ufada bortitzak kotxea desorekatu du. Eta esnatu egin naiz.

Gaua da oraindik. Ohean uzkurtuta nago eta ez dut argitzea nahi, gaurkoa atzokoa eta herenegunekoa bezalako eguna izango baita: garuna “erreseteatzen” saiatu eta altxatuko naiz; pijama zimurtuta jantzita, bizarra moztu, lozio bi tantarekin lepoa busti eta begi-zulo handiko gizajoak irribarre gupidakorra egingo dit ispilutik; madalena pila irentsiko ditut gosarian, antsietatearen menpe; telefonoa itzaltzea erabakiko dut baina, botoi gorria sakatzerakoan, ohiko bezero astunaren deia jaso eta bere apetak entzun eta obedituko ditut; nire furgoneta gorria gidatuko dut asteroko bisitak egiteko eta irratia piztuko dut nire gustuko musika apur batekin lasaitzearren, bidaiatu bidartean, bederen. Baina  Radio Maria besterik ez dut sintonizatuko.

Penagarria da, baino ez dago besterik. Ontzeko asmoa egin daiteke, ispiluak islatzen duen ezbeharrari trufa egin dakioke, arroparik dotoreenak eta perfumerik garestiena erabil daitezke baldarkeria ezkutatzeko, telefonoari gorrarena egin dakioke, eta errepide bihurrienetan furgoneta zaharrarekin kirol-gidatzea ere egin daiteke. Baina Radio Mariarena … ez dago munduan Radio Mariaren frekuentziak oraindik inbaditu ez duen bazterrik.

Egilea: Euskaldunberria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat OREKA MENTALA INDARTZEKO ARGIBIDE LABURRAK-ri

  1. egilea: Eli Altuna Zurutuza

    Ondo-ondo apuntatu ditut xehetasun guztiak, eta gaur hasi nahi nuen praktikan jartzen.
    Eguzki-izpi bihurrituak huts egin dit, ordea! Katxis!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude