Otsailaren 29a, aurten bisusturtea

Bisusturte, bisest eta bisestura esanda otsailaren 29a, gaurko eguna, datorkigu gogora; lau urtetik behin otsail txikiari eransten diogun egun hauxe. Euskaraz izen ugari ditu eta denak oso antzekoak: bisest, bisext, bisexte, bisiesto, bisuste, bisusto, bisustu, bixisto, bixixto, bixixte eta biziztu topatu ditugu Orotariko Euskal Hiztegian. Hala ere harrigarriena ez da izen aldaera mordoa baizik bisusturteak zenbat uste, sineskeria eta esaera dituen gurean.

Urte biziztuan gauza handiak gertatzen omen dira, halako ustea dute hainbat tokitan. Izan ere 365 egun izan ordez 366 izateak badu zer edo zer berezirik. Bisusturtean boda arraro aunitz izaten direlako ustea bada hainbat tokitan, Zuberoan adib. “zaharrak amurus direla bixisto den urtian” esaten omen da. Ezkontza arraroa eta uzta ona, horiek ekartzen ditu bisusturteak: “bisusturtea desgraziatua baina uzta ona” eta “bisusturtean uzta handiak” ere hortxe baititugu. Traturako edo negoziorako urte ona dela dirudi, Bizkaia aldean entzundako “bixusturtien idi zurixe saldu ta artue ekarri etxera” esaerak erakusten digun moduan. “Bisusturte haur urte” ere bide beretik doa, uzta emankorra den urtean haurra jaiotzea irabaziaren seinale baita. “Bisusturte denean bizki asko egin eta ume asko irol jaiotzen direla” eta “bisusturtean ume iroleginak” ere esaten da, alferrikako umeak direla esateko akaso?

Ez dute halakorik uste egun horretan jaiotakoek, ez horixe. Elkartea ere badute Donostian eta harro ospatuko dute gaurko eguna. Lau urtetik behin urtebetetzea ospatzea ez da huskeria!

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude