Paramoudrak

paramoudrak1Hilabetea izango da semea niregana etorri zenetik laguntza eske, ikastolan eskatutako higadurari buruzko txostena egin behar zuelako. Hasiera batean gorrarena egin nuen, etxerako lanak egiteko laguntza handirik ematea ez baitzait batere egokia iruditzen (berak bakarrik egin ditzala, bizkor dadin!). Baina bigarren batean eskatu zidan, une ahulean harrapatu ninduen eta zereginari buruzko xehetasun gehiago emateko esan nion.

Ez zen txosten zaila. Ibai, haize eta itsas higadurari buruzko adibideak jarri behar zituen, argazki batzuekin irudiztatu eta prozesu bakoitzari zegokion azalpen xumea eman. Hori zen guztia! Berak bakarrik erraz egin zezakeela iruditu zitzaidan baina, laguntza bertan behera uztear egon banintzen ere, etxean geneuzkan Jaizkibelgo kostalde bideko ibilbidea egin genueneko argazkiak etorri zitzaizkidan burura, eta eskatzen zizkidan bost minutuak ez nizkion ukatu. Ibilaldi haren argazki batzuk aukeratu genituen eta azalpentxo eskematikoak proposatu nizkion, berak gara zitzan. Ibai higadura, kostaldean itsasoratzen zen errekaren ur jausiarekin irudiztatu genuen; haizearena, haitzetan zizelkatutako oso forma apetatsuekin; eta itsas higadura, nik uste nuen itsasoaren eraginez agerian zeuden errekarri erraldoiak zirenekin.

Joan den astean, semeak bere lana oso ondo baloratu zutela esan zidan. Hala ere, kontzeptu akatsa zeukala adierazi zidan zeren, lana zuzendutakoan, irakasleak harri koskor borobil eta erraldoi haiek errekarriak ez zirela esan baitzion, fosilak baizik. Dena den, adibidea oso interesgarria iruditzen zitzaionez (ikastolako web orrian argitaratzeko modukoa, hain zuzen), azalpena zuzendu eta harri haiei buruzko informazio zehatzagoa bilatzeko eskatu zion. Eta, bilaketa errazteko, harrien izena ere eman zion: paramoudrak. Semea niregana etorri zen zuzenean, eta nire erruz ohiz kanpoko lana egin behar izanzuela aurpegiratu zidan. Nik, buru-estimua minduta, arrazoia zeukala onartu nuen eta bilaketa  hasi nuen interneten, berehalaxe, seme gaixoari laguntzearren eta, bide batzez, aita ere bizkor zedin. Honakoa aurkitu nuen.

Dirudienez, paramoudrak antzinako animaliaren gordelekuen aztarna fosilak dira, ”bathicnus paramoudrae”-renak, hain zuzen. Iritsi zaizkigun desagertutako izaki horren aztarna bakarrak dira. Eta oso toki gutxitan aurki daitezke: Irlanda, Hego Ingalaterra, Alemaniako bazter batzuetan… eta Euskal Herrian! Ingeleraz “pot stones” deitzen diete; “sassnitzer blumentopf” alemanez; edo “flint krukke” Irlandan. Euskal Herrian, berriz, latinezko jatorrizko izenaz deitu behar diegu, Euskaltzaindiak ez baititu oraindik ikusi, antza.

Harri koskor horiek gertu izatea loteriaren sari nagusia lortzea baino ezohikoagoa da; eta Jaizkibelgoak dezimo bakarrari tokatzen zaion sari berezia baino balio gehiago daukate, munduan hoberen kontserbatuta daudenak, eta interesgarrienak omen dira-eta! Ez dut nik asmatu. Interneten informazio ugari aurki daiteke, nola erdaraz, hala frantsesez edo ingeleraz. Xehetasun gehiagorik aipatzen ez badut ez da harri horien sekretua gordetzeko, baizik eta irakurritako gehiena itzuli beharko nukeelako; eta auskalo informaziotik zein zatitxo ñimiño iritsiko litzaizuekeen zuei, frantsesetik edo ingeleratik erdaratu, eta erdaratik euskaratu ondoren! Beraz, kuriositateak jota bazaudete, zeuek bilatu. Ez da zaila; izena jakinda, googleen idatz ezazue eta zenbait artikulu eta web orri izango dituzue eskuragai.

Gogora ezazue. Paramoudrak: etxetik gertu daukagun altxor geologikoa; txingor erraldoia harri bihurtuta; Julio Verneren irudimenak sortutako izaki  fantastikoak. Existitzen dira. Nik neuk ikusi nituen, kasualitatez, Pasaiatik Hondarribira Jaizkibelgo kostalde bidetik nindoala. Ez dira harriak, fosilak baizik; eta, inon irakurri ez badut ere, itsasoak utzi ditu agerian, urtetako etengabeko lanarekin. Bildutako informazio guztia ematean, semeari ziurtatu nion berriro eta, sinetsi zuenez, ez zuen datu hori zuzendu eta ikastolako web orrian zintzilikatutako txostenean adierazita dago. Inork ez daki bere aitak baino gehiago! Ezta geologia irakasleak ere!

paramoudrak2

Egilea: Euskaldunberria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat Paramoudrak-ri

  1. egilea: Manexa

    Paramoudrei buruzko argazki ederrak daude honako artikuluan: http://zientzia.net/argazki-galeria/zerrenda/jaizkibel-hareharriaren-apetak/

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude