Patxarana

Aurreko batean ikasleekin Jakoba Errekondoren artikulu bat irakurri genuen, bermutari buruzko artikulu eder bat hain zuzen ere. Bukatutakoan patxarana aipatu zuen ikasle batek eta sekulako istilua sortu aizue! Patxaranik onena nola egiten zen eztabaida sutsua piztu zen gelan. Horrelakoetan urteen poderioz ikasitako sekretutxoak izan ohi dira eztabaidagai. Denek esandakoak pazientziaz jaso eta munduko errezetarik onena izan daitekeen hau idaztera goaz. Bakoitzak bere gutiziak ditu eta guk hemen denak idatziko ditugu. Basaranak biltzeko goizegi dugu oraindik baina errezeta uda hasi den honetan argitaratzea pentsatu dugu. Gero norberak ikusiko du nola egin!

OSAGAIAK:

  1. Basaran helduak. Botilaren herena edo erdia.
  2. Anis arrunta, markakoa ez, garrafoikoa edo likoreak egiteko berezia (Donostian Esterlines kaleko La Sevillana dendan onena).
  3. Hiruzpalau kafe ale xigortu.
  4. Kanela zotz bat.
  5. Kamamila loretxo batzuk (aukeran).
  6. Masusta gorri batzuk (aukeran)

PRESTAKETA:

  1. Basaran helduak, kafe aleak eta kanela zotza kristalezko botila txuri batean sartu. Nahi izanez gero kamamila lore lehor batzuk eta masusta gorri bildu berriak ere bai. Betelu aldean patxaranari gari aleak botatzen dionik ere ba omen da, zuek ikusi bota edo ez.
  2. Litro bat anis bota ondoren eta botila ondo itxi.
  3. Etzanda utzi lauzpabost hilabetez armairu barruan. Nahi izanez gero egunkari paperekin ondo bildu. Astero mugitu baina astindu gabe.
  4. Bukatzeko bi aukera ditugu. Batetik iragazi eta botilaratu egin dezakegu eta bestetik probatu eta ona badago bertatik edaten hasi baina iragazi gabe. Hartara patxaran gero eta usaintsuagoa eta kontzentratuagoa edukiko dugu.
Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat Patxarana-ri

  1. egilea: e-pistola

    Nire epidemiologoak horrelako errezetak egitea debekatu dit. Badakizue, “esperimentuak etxean eta urarekin”. Hartara, ez dago “pozoitze” bat sufritzeko aukerarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude