Perretxiko garaia da!

perretxikuSargori eta hezetasun galantarekin doakigu udazkeneko lehenengo astea, eta klasean beroagatik kexu garen arren, perretxiko zaleak pozik dabiltza; bai alajaina! Izan ere, beroa eta hezetasuna, bi baldintza horiek behar ditugu udazkenean perretxiko eta onddo ale bikainak eskuratzeko. San Migel jaien aurretik hasi ziren agertzen lehen aleak, Ordiziako azokan prezio polita egin zuten gainera.

Perretxiko eta onddoak biltzerakoan hainbat aholku kontuan hartzea komeni da. Perretxikoak ez baditugu ongi ezagutzen, perretxikoak ongi ezagutzen dituen norbaitekin joan behar dugu mendira; ahal baldin bada perretxikoak modu iraunkorrean biltzeko eta kontsumitzeko ohitura duen norbaitekin. Esan beharrik ez dago,ongi ezagutzen diren espezieak soilik bildu behar direla, egoera onean daudenak eta behar bezala hazi direnak. Txikiak hantxe bertan utziko ditugu, dauden lekuan, baita toxikoak ere!

Errepide ertzean dauden perretxikoak ez ditugu hartuko. Beste hainbeste lorategi publikoetan, meategietan, galdarategietan, aireportuetan eta erraustegietan hazten direnekin. Kutsadura mota ezberdinak jasandakoak izango dira ziurrenik, eta beraz, ez da ideia ona gure elikagai bihurtzea. Bestalde, desagertzeko arriskuan daudenak ere ez ditugu bildu behar.

Perretxikoak ongi mozten ere jakin behar dugu, zertarako? Ba, hobeto iraun dezan eta zer perretxiko mota den argi bereizi ahal izateko. Oso-osorik moztu behar da perretxiko guztia, baina oin-ipurdia lurrean utziko dugu. Trapu lehor batekin ongi garbitu eta zumezko saski batean jarriko dugu, ez plastikozko poltsetan, horrela izerditu eta izorratu egingo baitzaigu.

Perretxikoei buruzko aholku hauez gain, elikagai hauen inguru naturala ere zaindu behar dugu. Hondakinak jaurtitzea, lurra aratzea edo perretxiko bat atera eta zuloa tapatu gabe uztea ekidin behar ditugu; izan ere, datorren perretxiko sasoian antzeman daiteke hori. Zenbait espeziek, gainera, zuhaitza behar izaten dute sortzeko (trufak edo boilurrak, Lactarius deliciosus izenekoak edo Boletus edulis delakoak), harekin elkarlanean bizi izaten dira (mikorriza deitzen zaio harreman horri), eta, beraz, espezie horiei kalte egiten bazaie, basoari ere kalte egiten zaio.

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude