Platano izozki erraz eta goxoa

platanoizozkiaAbuztua atzean utzi, eta hementxe dugu iraila. Baina, oraindik ere giro eguzkitsu eta berorik badugunez, eta izozkia jateko garai aproposean gaudenez, izozki errezeta goxoa ekarri nahi dizuet gaurkoan. Edozeinentzat balio duena egin nahi dut, hau da, esnekirik gabea, glutenik gabea, azukrerik gabea, eta erraza. Ez dela posible? Bai, eta osagai bakarra erabilita egin daiteke nahi izanez gero. Osagai osasungarri eta naturala: platanoa. Ondo iruditzen zaizue? Beno, ba hementxe daukazue errezeta!

Platanoak onura asko ekartzen dizkio gure gorputzari. Burmuinerako ona dugu, giltzurrunetan harriak sortzea eragozten du, gozoa izan arren gluzemia orekatzeko egokia da, eta gure umorea hobetzeko ere balio du! Izozkia egiteko osagai aparta dugu beraz.

Etxean izozkia egiteko tresna daukanak azkarrago eta arinago egingo du, noski, baina besteontzat ere posible da izozki hau egitea. Izan ere, platanoak heldua dagoenean koipe kopuru txiki bat izan ohi du, eta berau nahikoa da izozki krematsu eta goxoa egin ahal izateko. Beraz, platano helduak erabili, helduegiak ere bai hala nahi izanez gero.

Lehendabizi platanoak zuritu, eta zatitu egingo ditugu. Plater batean ipini, eta bi orduz izoztuko ditugu. Irabiagailuarekin ongi eragin, eta ore bigun eta hotz bat sortuko dugu. Izoztua dagoenez, ontziari itsatsita geratuko da ziurrenik, beno, irabiagailuarekin edo goilara batekin kendu itsatsitakoa. Kitto! Horixe da guztia! Ez al da samurra izan?

Hala ere, baditugu izozki hau hornitzeko eta aberasteko moduak; batzuk aipatuko ditugu. Bolatxoak egiteko izozkitegietako gailua erabiliko dugu, eta gainetik txokolate beltz beroa bota dezakegu. Txokolate pipitak botatzea ere aukera ona da. Intxaur, hur, almendra edo pistatxo lehorrak xigortu eta txikitu ondoren, hauek gainetik botatzea beste aukera bat dugu; goxoa baita ere.

Irabiagailuarekin lanean ari garenean, kanela hautsa botatzea ere aukera interesgarria da. Bainilla hautsa, edo bainilla xarabe kontzentratua erabiltzea ere oso aproposa da; ia-ia bainilla izozkia egin dugula esan dezakegu, hain antzekoak dira!

Oso gozozalea denak azukre gutxiegi daukala esango digu, agian. Beno, ba esne kondentsatua bota diezaiola ore hotzari, eta irabiagailuarekin ongi nahastu bi osagaiak. Platano bakoitzeko, goilarakada bat esne kondentsatu.

On egin!

Egilea: Pintto
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude