Pottorroa

Javier del Val ikasle maiteak oparitu dit liburu xahar bat, horitua eta xahartua (mila esker Javier!). “Mi pueblo, ayer (croquis donostiarras)” du izena. Dunixi de Azcue delakoak egina da duela larogehi urte (Libreria Internacionalek argitaratu zuen). Bertan mila istorio bizi eta eder ari naiz irakurtzen. Argazkiekin ere badago non gozatua, xarma berezikoak dira dudarik gabe. Liburua gazteleraz dago idatzia baina Dunixik bazekien euskaraz, izan ere badira pasarteak euskaraz jasotakoak (duela ia ehun urteko euskara dela derrigor ohartu behar!). Horietako pasarte bat ekartzera noa.

Has nadin esanez nik ez nekiela pottorroa zer zen, akaso horregatik egin dit horrelako grazia pasarte honek (162. orr.). Atalak “La confesión del arrantzale” du izena eta bertan arrantzaleei buruz ari da, garai hartan arrantzaleak kristau finak zirela esanez; sarri konfesatzen ziren horietakoak. Sartu da arrantzalea konfesionarioan eta hona apaiza eta bien arteko elkarrizketa:

– “Ai” Maria “Puixima”.
– “Sinpekaro konzebida”.
– Zenbat denbora da konpesatu etzerala?”
– Bi urte, jauna.
– ¿Bi urte?
– Bai, jauna…
– Eta, ¿nun egon zera-ba, bi urtian etorri gabe?
– Itxasuan, jauna…
– ¡¡Itxasuan!! – bota omen zion apaizak, halako astakeriaren aurrean zeharo harrituz-. ¡Bi urtian itxasuan…! Zer ¿”pothorrua” al zera ba?

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude