San Jose lorea

Aurreko astelehenean izan genuen San Jose eguna eta aitzakia hori baliatuko dut gaurkoan loretxo bati buruz hitz egiteko. Loretxo ezagun eta apal bat; san jose lorea (primula veris canescens).  Primula lore familiako landaretxo ezaguna eta sendabide ona. Bide bazterreko lorediko kidea, ziur nago ezagutzen duzuela. Udaberriko aurrenetako lili ejerra, ederrik bada.
Primulazeoen familiakoa dugu esan bezala eta gaur egun, azken urteotan behintzat,  San Jose aurretik loratzen dena; ez dakit aldaketa klimatikoagatik izango den, batzuk hala diote. Euskal Herrian biziki estimatu eta maitatutako lorea dugu hauxe, zaleak baditu nonahi.

Ederra denez, alaia,  apaingarri gisa erabiltzen da baina sendabelar ezaguna da. Loreak lasaigarriak dira eta buruko minak baretzeko erabili izan dira baita paralisien kontra ere.  Sustraiak arnas-bideetarako erabiltzen dira, katarroa eta hotzeria sendatzeko adibidez. Jateko ere erabiltzen dute askok, neuk ez dut sekula probatu baino.

Probatu dudana, ederki probatu ere, erremedio eder bat da; san jose lorea erabilita egindako erremedio zahar bat. Hezur eta giharretako minetarako aproposa; zain-tiratu, uzkurdura, ziatika, gerrietako min eta antzekoetarako; baita kolpe eta hanturetarako ere.

Har ezazue kristalezko botila bat, litrokoa, eta san jose lorez bete goraino. Ondoren oliba olioa hartu (dagoen onena!) eta bete goraino. Ipini kortxua eta eguzkitan eduki hilabetez, lehio koxkan adibidez. Ondoren iragazi, trapu txuri bat erabilita ondo iragaziko duzue.

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

4 erantzun San Jose lorea-ri

  1. egilea: e-pistola

    Eta gero nola erabili behar da? Ukendu gisa, edanda…?
    Bestalde, komentatu nahi nizuen izadia zein jakintsua den! San Jose loreak oraintxe ikusten hasi garen une berean, kolore bereko tximeletak ere ikus daitezke bazterretan. Igual-igualak!! Lore gainean paratzen direnean ez dakigu zer den lorea eta zer zomorroa.

  2. egilea: Pinpilinperpauxa

    Ukendua egiteko balio du baina normalean masajea emateko edo minberatutako tokiak igurtzitzeko erabiltzen da. Edateko ez dakit, probatu egin beharko!
    Tximeleta hori zein den ez nago ziur, irudirik jartzerik bai?

  3. mendiitu@yahoo.es' egilea: Jon

    Nire amaginarrebak eta bera ahizpak askotan kontatu digute beraiek, txikitan, San Jose loreen zain egoten zirela. Eta lehenengoak ikusi ahala, hartu, aitaren egin eta jan egiten zituzten.

  4. egilea: Pinpilinperpauxa

    Horrelakorik ez nuen sekula entzun Jon, bai bitxia eta ederra ezta?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude