San Juan ukendua

San Juan ukendua edo zazpi belar ukenduari buruzko gaurko post-a. Etzi baitugu San Juan eguna, ukenduak egiten ditugunontzat urteko egunik garrantzitsuenetakoa dudarik gabe. Zergatik? Egun horretantxe, egunsentian, bildu behar baitira zazpi belar urte osorako ukendua egiteko. Zazpi sendabelar, oso hurrun joan gabe aurkitutakoak ahal bada. Debaldekoak, beno, gure amonak esaten zuen bezala debaldekoak ez, Jainkoak emandakoak.
Ukendua egiteko belarrez gain olioa eta argizaria behar ditugu. Litro bat oliba olio (dagoen onena, lehen presiokoa eta ekologikoa ahal bada) eta urteko argizari garbia, zaharra kandelak egiteko izaten da. Eta belarrak? zein sendabelar? Ba erantzuna tokian tokikoa izaten da aizue. Ez baitira berdin hazten lore eta belarrak itsasertzean edo mendialdean. Hau da, Baztango San Juan ukenduak eta Urola aldekoak ez dituzte belar berak izango baina bat ez da bestea baino hobea izango, aldaketak aldaketa ukendu ona egiteko ez da abildade berezirik behar.

Zertarako dugu ukendua? Azalerako, azalak dituen gaitz guztientzako. Bereziki zauriak, gaiztotutako zauriak, pikorrak, orbanak, azkureak, koleak etab. Bestelako krema eta kutixiarik ez zen garaiko erremedioa dugu honakoa, abereentzat ere balio duena.

Tira, has gaitezen belarrekin. Esan bezala zazpi belar beharko ditugu, bakoitzetik eskukada bat. Litro bat oliorentzat zazpi eskukada, bi litrorentzat bina eskukada, hiru litrorentzat hiru eskukada eta horrela. Lehenik eta behin San Juan belarra edo hiperikoa, garaiotan loretan daukaguna (euskaraz izen ugari dituena axikia edo Santio belarra adib.). Ondoren belarretan indartsuenetako bat, berbena belarra. Katalunia aldean morró izenez ezagutzen den eta gure artean ere ezaguna bezain arriskutsua den pasmo belarra ere erabiliko dugu, esandako neurrian, eskukada bat, ez gehiago. Plantila belarra edo plantaina dugu laugarren sendabelarra, benetan belar balio anitza eta indartsua. Zaingorria ere beharko du izan, odolaren zirkulaziorako ezinbestekoa baitugu berau. Intsusaren lorea ere zabal-zabalik dugu orain eta lore handi bat botako diogu. Azkenik osin eskukada bat botako diogu, hori bai, eskularru edo zapi bat erabilita!

Zazpi belar hauek ez dituzuela topatzen? Ba ordezkatu lasai! Hartu kamamila (loratua badago, goiz samar baita) edo ilena, edo azeri buztana eta esandako neurrian erabili. Hori bai, ez egin zortzi, bederatzi edo hamar belarreko ukendurik; askotxo lirateke!

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Erantzun bat San Juan ukendua-ri

  1. mendiitu@yahoo.es' egilea: Jon

    “Nolako zauri, halako sendabelar.” dio esaera zaharrak; beraz, hamaikatxo sendatzeko balio behar ukendu horrek.

Utzi erantzuna Jon(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude