Sarah Bartman, Afrikako historia beltza

Venus-HottentotSaartije Bartman zuen izena, baina Sarah edo Hottentot-eko Venus deitzen zioten. Afrikako historiaren zatirik beltzena, ilunena, da bere istorioa, hemen kontatzera goazena. 1789an jaio zen Gamtoos ibaiaren ondoko eskualde batean, Ekialdeko Lurmuturrean, Afrikan. Khoikhoi etnia adiskidetsu eta lagunkoiko kidea genuen emakume hau. XVII. mendean, inbaditzaileak iritsi zirenean, Boers holandarrak hain zuzen ere, harrera irribarretsu eta eskuzabala egin zieten etnia honetako kideek. Ez alferrik ordea, izan ere, urte gutxiren buruan gizon zuriak lurrak bereganatu zituen, eta khoikhoi guztiak menpeko hartu zituzten, esklabutza gordinean.

Nerabezaroan Cape Flats-eko etxalde batean aritu zen esklabu lanetan, nekazari bizimodua eginez, egurrezko txabola batean babes hartuz. Baina 1810ean, Willian Dunlop mediku britaniarrak erosi zuen, eta hemen hasi zen Sarah-ren patu txarra. Zientzialari kolonialen aurreritzien eta morboaren biktima izan zen, giza anatomia ikertzeko erabili baitzuten.

Dunlopek Ingalaterrara eraman zuen, eta bitxikeria moduan aurkeztu zuen zirkoan, dirua bildu zuen bere lepotik. Erakusgai bikaina zen, khoikhoi etniako emakumea izanik gorputzeko hainbat atal izugarri handiak, eta proportziorik gabeak zituen; gerriz behera gantzak pilatzeko duten joerarengatik. Zientzialari europarrek afrikarren gutxiagotasun etnikoa azpimarratzeko erabili zituzten ezaugarri hauek, eta Sarah gajoa horren froga bihurtu zuten.

Zurien aldean atzeratu, eskas eta baldartzat hartu arren, bere gorputzak sekulako irriki sexuala sortzen zuen europarren artean; hala, bortxaketa ugari jasan zituen. Hottentot-eko Venus izen artistikoa ipin zioten, baina ironia eta burla kutsuz, izan ere Venus jainkosa gurtua izan zen eta Sarah zanpatua. Bestalde, hottentot hitza iraina dugu; “mendiko jendea” esan nahi zuen kolonizatzaile holandarren hizkeran.

Garaiko kronikek diote, Londonen bilutsik desfilatu behar izaten zuela jendaurrean, plataforma baten gainera igota, denek ongi ikus zezaten. Sarrerarekin batera gehigarri bat ordaintzen zuenak, Sarah-ren gorputza ukitzeko eskubidea zuen, ipurdi aldea batez ere. Sarah kexatzen bazen, aldamenean izaten zuen zaintzaile bat, beti zigortzeko prest. Desfile hauek kexak eragin zituzten, esklabutzaren inguruko eztabaida hasia baitzen ordurako. Zirkoa ixten saiatu ziren, baina W. Dunlop doktoreak agiri bat aurkeztu zuen, non Sarah-k adierazten zuen berak bere borondatez egiten zituela desfile haiek. Ez zioten arrazoirik eman, eta zirkoa itxi egin zuten.

Handik Parisera eraman zuten, han lehoi domatzaile batek erosi zuen, eta lehengo negozioak berdin-berdin jarraitu zuen. Hemen ere zientzialariak atzetik izan zituen; George Cuvier doktoreak bere alde idatzi zen txosten bakarra idatzi zuen. Bertan emakume argia eta bizia zela, memoria izugarria zuela, eta holandera errez hitz egiten zuela idatzi zuen. Ez zion ezertarako balio izan, ikuskizun lotsagarri harekin asperturik, publikoa berarekin ahaztu baitzen, eta prostituzioa beste biderik ez zuen aurkitu.

Ezin izan zituen Europako hotza, marginazioa, eta prostituzio baldintza gogorrak jasan, eta 1815eko abenduaren 29an, hil zen. Gaixorik, bakar-bakarrik eta erabat alkoholizatuta. 25 urte besterik ez zituen (20 urterekin irten zen Afrikatik).

Hil ondoren ere ez zuen merezitako errespeturik eduki. Gorpua artean bero zela, Pariseko komunitate zientifikoa bertan agertu zen, autopsia egiteko pronto; Cuvier bera buru zelarik. Bere gorpuaren atalak igeltsotan jaso zituzten, eta burmuina, alua eta hezurdura osoa ikusgai ipini zituzten Pariseko Gizakiaren Museoan. Horrela egon ziren, ikusgai, 160 urtez. 1994. urtean Nelson Mandelak, Francois Mitterrandi eskaria egin zion arte; gorputz atal haiek Afrikan behar zutela irizten zion buruzagi hego-afrikarrak.

2000. urteko abuztuaren 9an eraman zuten bere jaioterrira, Gamtoos ibaiaren altzora. Patuak nahi izan zuen egun hori izatea, izan ere Emakumearen Eguna ospatzen dute han abuztuaren 9an. Hego Afrikako ikus nazional bihurtua dago gaur egun Sarah Bartman.

 

 

 

 

 

Egilea: Txantxangorria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude