Sokamuturra Donostian

Joan den mende hasierako Donostiari buruz hizketan hasi genuen abuztua blog honetan. Pottorroa izendatu nuen post-aren bidez Dunixi de Azcueren “Mi pueblo, ayer” izeneko liburua ezagutu zenuten zuetako askok. Orduan aipatzen nuen noraino deigarriak egiten zaizkigun orain garai hartako Donostiako bizimodua, ohiturak eta hiria bera. Zer esanik ez orduko euskara!
Zezenketen inguruko saltsa oraindik bizirik dagoelarik, sokamuturra hartu nahi nuke hizpide. Donostian erabat desagertua, gaur egun irudian duzuen kalea beste lekukorik ez dela geratzen esango nuke. 1902an debekatu zuen udalak sokamuturra, Sebastian Machimbarrena alkate zelarik. Dunixiren hitzetan hortxe galdu zen betirako Donostia zaharra. San Sebastian egunez egiten zen orduan sokamuturra, Lasala plazan hasi eta Konstituzio plazan amaitu. Goizean idi bat, bi eguerdian eta hiru arratsaldean. Jendetza izugarria biltzen zela diote garaiko kronika egileek. Ikuskizun hura udaletxeko langile batek aginduta hasten zen (urte luzez ezaguna izan zen Juanito delako bat). Hura udaletxeko arkupeetatik ateratzen zenean, Iriyarena entzuten zen, eta, hortik aurrera, festa bazter guztietan. Emen dek! izaten omen zen jaiaren hasiera oihua.
Debekua etorri zenean, istilu handiak izan omen ziren hirian, eraikin publikoen kontrako erasoak eta farola ugariren txikizioa. Guardiek, mikeleteek eta errejimentu militarrekoek, hiru deskarga handi egin omen zituzten jendea uxatzeko. Zaurituak ugari izan omen ziren eta atxilotuak ere bai.
Mende berriak eta modernitatearen indarrak Donostiari ekarritako galera izugarria izan zela aipatzen digu Dunixik. Gaur egun ere antzeko argudioak entzun ditzakegu, ez duzue uste?

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude