Triku garaia

hedgehog1Umetan triku koxkor bat etxekotuta eduki nuen, aitonak segan ari zela oharkabean triku ama akabatu eta umetxoa ondoan bakarrik gelditu zen. Harekin errukituta etxera ekarri zuen, bizirik aurrera ateratzeko asmoz. Etxeko txikienok elikatu genuen ederki eta sekulako maitasuna izan genion gure Triku potolo hari.Atzo errepideari begira jarri nintzen eta bihotza uzkurtu egin zitzaidan. Azkoititik Zestoaraino, autopistako ordainlekuraino, zortzi triku zenbatu nituen. Zanpatutako zortzi triku noski… Zanpatutako bat ikusita pena sentitzen duen honi zortzi ikusita zer sortzen zaion zuek atera kontuak.

Atxagak bere Trikuarena poeman ederki asko deskribatu zuen trikuak gaur egungo gizarte moderno eta azkarrean bizirauteko zein arazo dituen. Azkarra izatea ez da bere bertuteetako bat eta auto baten aurrean saldua geratzen da gizarajoa. Koldo Almandozek badu Trikuaren Hiztegia / The dictionary of the Hedgehog deituriko film labur bat, Atxagaren poematik abiatuta benetan kontakizun ederra (eta gogorra!) egiten digu bertan. Almandozen bideoaren bila ari nintzela Loiuko Lauro ikastolako haurren bideo polit hau ere topatu dut eta ez nuke zuengana ekarri gabe utzi nahi; Atxagaren poemak zenbateraino ezagun egin zaigun adierazten duela iruditzen baitzait.

Oroitzapen politagoekin amaitu nahi nuke hala ere. Gogoan dut nola gure etxeko trikuak gure ogitarteko kondarrak, fruta azalak eta sagarrak jaten zituen. Sagarren oroitzapena daukat batez ere, sagarroi ere esaten zaio eta nik berehala egin ohi dut lotura. Sagastian makina bat aldiz ikusi izan ditugu, nola gainera! Irail aldera sagarrei kolpe eginez eta lardaskatuz, horrela gogoratu nahi nuke nik beti trikua, ez errepide bazterrean hilda.

Egilea: Pinpilinperpauxa
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude