Txangoa Donostiako parkeetan zehar

 

 

 

 

Aurreko larunbatean, hilak 12, joan nintzen lehen aldiz euskaltegiak antolatutako txango batera. Goizeko bederatzietan geratu ginen euskaltegiko atean. Guztira bederatzi pertsona abiatu ginen Miramar parkerantz, bost neska eta lau mutil.

Miramarrekoa Ingalarretako landetxeetan inspiratutako jauregia da. Gaur egun, jauregian Musikene musika-eskola dago, eta EHUko ikastaroak eta erakusketak egiten dira. Ikuspegi polita du, bertatik Kontxako eta Ondarretako hondartzen ikusmira ezin hobeak daude-eta. Bidean, Katalina Erausoren omeneko plaka ikusi genuen. Momentu hartan Garbiñek hitza hartu eta Erausoren istorio interesgarria kontatu zigun: 1592an jaio zen Donostian. Lau urte zituela Antiguako komentuan sarrarazi zuten eta 15 betetzerako ihes egin zuen hango diziplina zorrotzetik. Abenturarako grina izaki, gizon itxura hartzea deliberatu zuen Katalinak eta itsasgizon sartu zen Sanlucar de Barramedako itsasontzi batean, Ameriketarako bidean. Soldadu lan egin zuen eta hainbat borrokatan parte hartu zuen, ausarta eta trebea baitzen. 1623an, borroka batean gizon bat hil eta atxilo hartu zuten. Kondena heriotza-zigorra izan zen eta libre ateratzeko apezpikuari emakumea zela aitortu zion. Libre geratu zen, baina berriz ere komentu batera joatekotan eta ondoren Espainiaratzekotan. Jende ospetsu asko bisitatu zuen, besteak beste, Felipe IVa eta Aita Santua bera. Horregatik guztiagatik, bere abenturak oso sonatuak izan ziren Europan zehar.

Miramar parkea zeharkatu eta Aieteko parkerantz jo genuen. Aieteko parkea oso handia da, eta ibilaldia oso polita izan zen. Hango zuhaitzak ikaragarri garaiak dira. Eguzkia zuhaitzen adarren artetik sartzen da eta lasaitasun sentimendu bat zabaltzen da parke osoan. Parkearen historia Jonek azaldu zuen. Hona hemen laburpen txiki bat:

Aieteko jauregia Bailengo Dukeen enkarguz eraiki zen 1878an. Urte askoan errege-erreginen eta nobleziako kideen ostatu izan eta gero, 1940an, Donostiako Udalak erosi zuen. Hala eta guztiz ere, geroago,Franco diktadoreak erabiliko zuen uda pasatzeko. Gaur egun kultur etxea da. Horrez gain, paseatzeko aproposak diren bideak, ahate eta beltxargentzako putzua eta umeentzako parkea ere baditu.

Aieteko parkea utzi eta tipi-tapa Puioko parkeraino iritsi gara. Parke txikia da, baina goiko aldean, komentu bat-edo dago (moja bat ikusi genuen sartzen) eta bistak sekulakoak dira, Donostiako erdialde osoa ikus daiteke oinen azpian.

Azken parkerako bidean, Amara Berriko taberna batean gelditu eta Ana ikasleak zurito eta kafe batzuk atera zizkigun ( mila esker Ana! ), indarra hartu eta Kristina-Enearaino geratzen zitzaigun bidea ondo egiteko.

Kristina-Enea Urumea ibaiaren eskuin ertzean kokatuta dago, eta izena Cristina Brunetti y Gayoso de los Cobos, Mandaseko dukearen emaztearen omenez jarri zioten. Dukeak 1919an utzi zion dohaintzan  Donostiako Udalari, baina 1926. urtera arte ez zen parke publiko bilakatu. Jauregira heldu bezain laster, bi pauma ikusi genituen askatuta, baina ez ziguten beren lumaje ikusgarria erakutsi. Parkean zuhaitz mota asko aurkituko dugu, baina interesgarriena ginkgoa da. Garbiñek eman zizkigun zuhaitz honen inguruko zertzelada batzuk: ginkgoa bizitzaldi luzeko zuhaitza da, badira mila urteko aleak, baita zaharragoak ere. Guk ikusi genuenak 100 urte baino ez zituen, baina, halere, arbola puska da. Hiroshimako bonba jaurti zutenean, arbola hauek izan omen ziren erradiazioaren eraginpean biziraun zuten bakarrak; horregatik, medikuntzan bere ezaugarri terapeutikoengatik erabiltzen da. Oso interesgarria.

Kristina Enea parketik bakoitza bere etxera joan zen. Txangoa oso ona iruditu zitzaidan, alde batetik, ibilaldi polita eta luzea egin genuelako, eta, beste alde batetik, jende berria ezagutu eta paseoko une gogoangarriak partekatu ahal izan nituelako. Errepikatu behar da!

 

Rosi Da Costa (Legazpi 6 euskaltegiko ikaslea, moldatua)

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

2 erantzun Txangoa Donostiako parkeetan zehar-ri

  1. mendiitu@yahoo.es' egilea: Jon

    Kaixo, Rosi:

    Primeran laburtu duzu -beno, laburpena baino gehiago izan da- ibilaldia. Kontatu duzunaz gain, ikasleen berriketak azaltzea ahaztu zaizu. Ze benetan, ikasle maiteok, primeran aritu zinaten hizketan.

    Bestalde, errepikatzea proposatu duzu . Ba, oso ondo iruditzen zait. Nik goizeko irteerak proposatzen dizkizuet. Donostia inguruan txango dezente antola daitezke: Igeldotik Oriora, Donostiako beste parkeak, Donibane Lohitzunetik Hondarribira, eta abar.

    Prest? Ba, Facebook eta Twiteet erabil daitezke proposamenak egin eta irteerak antolatzeko. Animo, eta erantzun.

    Ongi izan eta adiorik ez.

    Jon

  2. angora@euskaltel.net' egilea: Angel

    Nahiz eta lehen aldiz zenetik zuekin atera ginenean, benetan oso ondo sentitu nintzen zuen artean. Ezkursio polita zen eta gainera hitzaldi bat edukitzen genuen geldialdi bakoitzan. Gauza asko ikasi nuen zurekin eta gainera, eguraldi ederra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude