Txantxane eta puntuazio-jendea

 

 

 

 

 

Gaur, egunsentian, nire lehengusina bat topatu dut, Txantxane. Erabat urduri hasi zait hizketan:

–        Txantxuk nire kuttunak maite nau gainera hiru txorikume izan genituen udaberrian negurako zuhaitz bero bat ere topatu dugu zer egin dezaket nire nahasbidea argitzeko.

Ez dut zalantzarik izan: puntuazio-jendearengana joateko erantzun diot eurek lagunduko baitiote bere bizitza argitzen.

Hurbildu gara, bada, beraien bizilekura. Ene, hau paper-jendea! Nola bizi daiteke bi dimentsiotan?

Sartu bezain pronto,

–        Egun on, Kantxangorri! -esan dit Hunkigarrik-. Aspaldiko!

–        Egun on, guztioi.

–        Zein dugu papargorri hori? -galdetu dit Galdetsuk.

–        Nire lehengusina, Txantxane.

–        Kaixo, Txantxane. -agurtu dute bertako guztiek.

–        Iepa -erantzun die  kikilduta.

–        Ta? Zer dela eta hemen, Txantxangorri? -galdetu dit Antolatzaile Nagusiak , AN lagunentzat.

–        Ba, Txantxane erabat nahasita dago, eta zuengana ekarri dut ea laguntzen diozuen bere burua antolatzen.

Orduan, Iradokik ­­-beste puntuazio batek- Mmm… adierazi du, eta jarraian Txantxaneri eskatu dio mesedez kontatzeko zer gertatzen zaion eta noiztik; zer sentitzen duen… eta orduan jakingo dutela zer gomendatu.

Ondorioz, honela hasi da hizketan nire lehengusinak erabat nahigabetua:

–        Ba aspaldi honetan ideia guztiak arrapaladan ateratzen zaizkit hitz guztiak etenik gabe botatzen ditut nire burua pil pilean dago  beste txoriek ez didate ongi ulertzen esaten dudana.

–        Ederki. -adierazi du ANk-. Zurea erraza da konpontzen. Lehenik, agenda bat garunean kargatu behar duzu zure kantu guztiak jaso eta banaka-banaka antolatzeko. Erne! Asmo bat jaso ondoren deskantsatu egin behar duzu.

–        Gogoko dut ideia hori AN -azaldu dio nire lehengusinak.

–        Baina ANri beti ahaztu egiten zaizkio lantxo txikiak, eginkizun bakoitzean bete behar direnak -zehaztu du Antola ezizenez ezagutzen dugunak-. Horregatik, Txantxane, patxadaz pentsatu asmo bakoitza betetzeko egin beharreko guztia.

Txantxaneren begiak lausotu dira. Baina argi-tanta bat sortu zaio burutxoan.

Bitartean, puntuazio-lagun gehiago berriketan hasi dira, norberak bere ekarpena egin nahian. Hura iskanbila! Tarteka, batek oihuka zera esan du: “erritmoa, e-rrit-mo-a sortu behar dugu denok. Denon lana da, batera jo behar dugu!” Baina alperrik, bakoitzak berearekin jarraitu du.

Azkenean, guk biok eskerrak eman eta hegan joan gara.

Zenbait ilargi bete igaro ondoren, Galdetsuk honako mezua bidali zion Txantxaneri: ? Eta honek honela erantzun zion: !


Egilea: Txantxangorria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude