Txinako barriak (I). Dragoiaren prozesiñoia.

Chinese_New_YearLiburutxo gozagarri bat irakurtzen ari naiz egunotan, aspaldiko kontuak kontatzen dituen liburu bat. Basile Joannateguy eta Eusebio Bengoa Akordagoitiaren liburua, Txinako berriak (Euskal Editoreen Elkartea, Klasikoak, Arantzazu Elordietaren edizioa).Gure Hizkeria atal honetarako oso aproposa iruditu zaidan liburua. Eusebio Bengoa Akordagoitia 1873ko martxoan jaio zen Ereñon. 1901ean apaiztu, eta hurrengo urtean misioetara abiatu zen, Txinara, hain zuzen. Handik bidaltzen zituen txinarren ohitura eta bizimoduei buruzko artikuluak, lehenengo Ibaizabal aldizkarira eta gero Euskal-Esnaleara. 1925. urtean Andaluziara joan zen, eta Probintzia-komentuan eman zituen bere azken urteak; 1952an, eritasunak jota, hil zen arte.

“Txina zelakua da?” ataletik aukeratu dut “Dragoiaren prozesiñoia” (40. orr.) izeneko zatia. Hona hemen:

“Au da txinatarren urtebarrijetako ikusgarrizko jolasa. Baia zer ete da dragoia? Dragoia da euskaldunen papaua. Irakurla adiskidia: ez ete zara iñoiz papauen billur izan? Txikitan maiñak eiten zenduzanian, amak edo amamak esanak eiñ eraiteko, edo negarrez arrantzaka bazengozan, ixildu eraiteko ez eutzuen iñoiz esan papaueri deittuko eutzeela, edo papaua etorrela olatia lako begijakin, laijak lako agiñakaz eta eztakit nik zelako erpiakaz?
Aor ba Txinako dragoiaren irudija. Dragoia da ikeragarrixko pixti bat, kokodrillua bera baixen itsugarrixkoa; baiña eztaki gizonik jaten, itseltasuna badau be, kañabera eta paperezko irudi uts bat baiño ezta ta.

Onelako pixti barregarri onen irudijagaz ibiltten dira emeko jentillak urtebarrijetan auzorik-auzo prozesiñoian. Eta ez eizue uste izan prozesiño au jolas utsa dala. Ez! Txinatarrok dragoi oneri dautzeen deboziñoia, euskaldunak Done Antonio Urkiolakuari edo Arantzazuko Ama Birjiñari deutzeena baisen berua dala esan lei. Zer dala ta aiñ deboziño aundija? Dragoi au jainkotxu altsutzat daukeelako. Oneen defebako gizajoon ustez jainkotsu barregarri onen alez eta graziz, mezede aundijak artu eta estutasun garratzetatik urten leijelako; edo premiña gogorretan aurkitzen direnian bere laguntasuna jaritxiteko itxaropen bizia oi dabelako.

Semerik eztaukeen senar-emaztiak; luzero ogetik jagi eziñik, amaibako gexoagaz makalik dagozanak; atia galduko ete dabeen, edo ostantzeko zorigatxen bat etorriko ete jakeen bildurrez dagozanak eta abar, euron jainkotxu oneri agintza egiten deutzee: batak urte atan semien bat jaioten baijako; bestiak bere gexua osatuten baijako; eztabaidan dabillenak atia irebazten badau, edo zorigatxik lepora ezpajatorko: datozen urtebarrijetan dragoiaren prozesiñora joango dala edo prozesiñoi ori aiñbat ederren izan deijen lagunduko dabela.
Jesukristo gure Jaunaren siñistia daukeenak eta artu nai dabeenak, onetariko zorakerijetatik urrun aldendu biar izaten dabee.”

Egilea: Ziabloga
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude