Udazkeneko poesia

Udazkeneko poesia jardunaldiak antolatu dituzte aurten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean; urriak 4, 9, 23 eta 26an hain zuzen ere. Asteburu honetan dugu beraz azken aukera bertara joateko. Poesía eta musika, biak uztartuko dira “Hitza, musika, literatura” ziklo honen baitan. Poeta ugariren obrekin gozateko aukera izan da orain artean; Jon Benito, Amaia Lasa, Jon Obeso, Xosé Estévez, Jose Angel Irigaray eta Luis Rei bertan izan dira, eta hainbat poetaren obrekin gozatzeko aukera eman digute, hala nola; Bernardo Atxaga, Jon Gerediaga, Tere Irastortza, Xabier Lete, Xabier Montoia, Joseba Sarrionandia eta Luigi Anselmi.

Larunbat honetako azken saioan izango dugu ekitaldirik potoloena. Bertan, euskara eta galiziera uztartuko dituzte Zazpi poeta/Alén da frontera deituriko saioan. Xosé Estévez, Jose Angel Irigaray eta Luis Rei-k Bernardo Atxaga, Jon Gerediaga, Tere Irastortza, Xabier Lete, Xabier Montoia, Joseba Sarrionandia eta Luigi Anselmiren poemak irakurriko dituzte. Musika berriz Ruper Ordorika eta Arkaitz Minerren eskutik izango dugu.

Zazpi poeta hauetatik azkena aukeratu dugu, Luigi Anselmi. Hego haizeak ederki astintzen gaituen boldada honetarako hauxe iruditu zaigu poemarik egokiena. Bidali zuek ere zuen gustoko poema!

HAIZEAREN IMITAZIONEAK LAU URTAROETAN

Dantzari-talde, Baco´tiarrak,
naaspil zoroan zuti-baldarrak,
esku goituan ontzia ardo.

                                                X. Lizardi

Ihintzez betetako
lili-godaletak
elkar joka
topa egiten du haizeak
udaberrian…

 —Egizu zuk ere haizeak bezala— 

Udan, itsas gaineko
zilarrezko uhinak
miazkatzen ditu
leunkiro,
txakur otzana, 

eta behin burutik
galduz gero
jiraka hasten da,
dantza zoroan,
orbel, hondar-ale,
neska ederren gona,
paper puska hutsalen
hegoak. 

—Egizu zuk ere haizeak bezala—

Albo-alboka doa
udazkenean
jenderik gabeko
zumardietan barna
eta, eskuak dar-dar,
enborretik helduz,
kopak bezalako
adar buru lerdenak
hustu egiten ditu
hostoz hosto. 

—Egizu zuk ere haizeak bezala-

Ilun eta luze
da neguko gaua…
Mara-mara elurra…
Oroitezaren inguma zuriek
alferrik bilatzen dituzte
loreen kaliza hautsiak.
Elurrez ehundu
mihiseen artean
freskatzen du azkenik
haizeak ajea…

—Egizu zuk ere haizeak bezala— 

        Luigi Anselmi , 1988

Egilea: Legazpi6
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude