Urtarrileko txangoaren kronika arrosa

Hitzordua zuten gonbidatuek goizeko 9:30ean Donostiako Antiguo auzoan. Protokoloak agintzen zuen moduan, luzez jantzita eta ondo gosalduta ailegatzen hasi ziren ia gehienak (kronikagileak aitortu behar du kafea eskuan zeramala heldu zela). Halakoetan derrigorrezkoa den esku-musukatzearen ondoren, hainbat kotxe ofizialetan abiatu zen taldea Hernani aldera.

 

 

 

 

Bertan, Besabi jatetxean, nahi zutenek beste kafe bat hartu eta, gorputzak berotuta, “urtarrileko aldapari” ekin zioten. Lehen momentutik argi geratu zen bakoitzak izango zuen postua. Eli andereñoa buruan jarri zen ateraldian, bere atzean pelotoia gertu, eta berrogei bat metro atzerago Jon jauna eta oraingo honetan daukazuen kronikagilea. Atzetik, aurrean gertatzen den guztia ikusten dela jakin badakigun “profesionalok”.

 

 

 

 

 

Iker jauna, berriz, susmoak astindu zituzten aitzakiak erabilita, jatetxearen inguruan geratu zen goxo, mendizale puska despistaturen bati “laguntzeko“ posibilitatea izango zuelakoan-edo.

Muturrean Elik abiadura galanta markatu zion pelotoiari, eta ez zuen postua ibilaldi osoan galdu. Mulisko edo Munixkue gainan -nahiago duzuen bezala- lehenengo tarteko helmuga zegoen. Bertan dagoen monumentu megalitikoari buruzko azalpen batzuk adi entzuten zituzten bitartean, Amerikako postre hiperkaloriko bat dastatzeko aukera izan zuten mendizaleek. Indarrak berreskuratuta, eta eguzkia hodei multzo baten atzean ezkutatuta, bigarren aldapan gora abiatu ziren tontorreraino.

 

 

 

 

Bidean, euria  zipirri-zaparra, elastikoa bustita, txapelketa inprobisatu zen, eta horretan  Alvaro Poppinsek eskuratu zuen garaipena. Besteen artean kakahueteak banatu ziren kontsolazio-sari gisa, eta hogei minuturen buruan jatetxera heldu zen talde osoa, kronikagilea barne, osasuntsu, pozik eta blai. Oraingo honetan, kronikagileak aitortu behar die irakurleei beti izan duela gogokoago aldapan behera joatea gora baino.

 

 

 

 

 

Jatetxean zerbait hartu ondoren, kotxeak hartu eta batzuk Donostiara itzulita, partaide animatuenak Hernanira abiatu ziren. Arropa aldatu, eta eguneko bigarren modelitoa erakusteko prest, Hernaniko erdialdera poteatzera gerturatu ziren. Hernanin, bertakoen begiradak ikusita, modelitoek arrakasta itxurosoa izango zutelako susmoa sortu zitzaion kronikagileari.

Hitzartutako ordua gertu, Gurutzeta sagardotegira abiatu ziren, eta beharrezkoa ez zen arren, Astigarragatik pasa ziren mutil katxarro baten atzetik. Kronistak, mutilaren eta kotxearen gidariaren intimitatea errespetatzearren, ez du azalduko bidaia horretan ikusi zuena. Geroxeago ere, zer ikusi izan bazuen.

 

 

 

 

Sagardotegian, txuletak eta sagardoa, mundialak; sukaldaria eta txotxeroa, aurrekoak baino hobeak. Beste mahaietan zirenek lehian parte hartu arren, gure taldearen eskarmentua gailendu zen, eta bi belarri eta “txotxa“ moztea lortu zuten Legazpi6ko neskek. Meritu handia haiena, “Txurri“ lehiatik kanpo geratu baitzen. Hark bere Manolori baino ez dio begiratzen, eta berez deskalifikatuta zegoen hasi baino lehen. Bajak baja, garaipena ospatzeko txupitoak barra-barra, eta Hernanira, berriz  ere, modelitoei probetxua ateratzeko.

 

 

 

 

Taldearen zorte oneko boladaren lekuko, Maite andereñoa taldearekin elkartu zen Hernaniko Kixkal tabernan. Hor bertan, “Txurri“ despistatu samar zegoen bitartean, Manolok liluratuta, hordituta eta “enbriagatuta” sentiarazten zuela esan omen zion tabernariari. Horrelakoak botata kubatak askoz ere merkeago atera behar zitzaizkiolakoan dago bere identitatea azaltzea nahi ez duen gure iturri fidagarria.

 

 

Tabernaz taberna jarraitu zuen festak, eta azkenekoan “Txurrik“ Manolori odolkiak ordainarazteko aprobetxatu zuen. Izan ere, gure iturriek “Txurri“ Getariako mutil batekin eztitan eta txutxu-mutxuka ikusi zutela aipatu dute. Hori ikusita eta “Txurriren“ traizioa jasan ezinean, Manolo gaixoa garagardoak binaka hartzen hasi zen, ahazteko asmoz.

 

 

 

 

 

Ez dakigu ahaztea lortu zuenetz, baina beste guztiok betirako gogoratuko ditugu hemen aipatu direnak eta ez direnak.

Hurrengora arte!

Idoia. Komahantxeren ikaslea.

Egilea: KomaHantxe
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

2 erantzun Urtarrileko txangoaren kronika arrosa-ri

  1. mendiitu@yahoo.es' egilea: Jon

    Kaixo, Idoia:
    Lehenik eta behin, eskerrik asko JAUN deitzeagatik. Bizitza osoan ez dut ikaslerik izan halakorik esan didanik.

    Gainera, idatzi duzun kronika gustatu egin zait. Bejondeizula, Idoia!

    • idoiaiglesias@gmail.com' egilea: Idoia Iglesias Arruabarrena

      Kaixo, Jon:

      Eskerrak ematea ere! Ziur nago “JAUN” baino askoz ere gauza politagoak esan dizutela hainbat eta hainbat ikaslek. Dena dela, “ez horregatik”.

      Astelehenera arte!
      Idoia

Utzi erantzuna Jon(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude