Urte berrirako asmo onen zerrenda

urteberrikoasmoak

Bai, aitortzen dizuet, ni ere urte berrirako asmo onen zerrenda egiten duten horietakoa nauzue. Zerrenda egin, egiten dut, baina gero betetzen izaten dira lanak! Hori ere aitortzen dizuet, baina saiatzen naiz, eta gogo horri, indar horri, garrantzia ematen diot. Horregatik prestatzen dut abenduaren 31ean zerrendatxo bat.
Gure artean ez dut uste ohitura handirik dagoenik, nire ohitura honek estimua baino irribarretxo burlatiak jasotzen baititu; akaso zuen ingurukoek ilusio handiagoz ekingo diote urteari!
Gelan ere landu genuen gaia, ataza oso bat eskainiz, eta kontu jakingarri asko sortu ziren berriketarako. 

Izan ere, egunero egin ditzakegun keinu eta ohitura asko daude gure bizimodua hobetzeko alda ditzakegunak. Aholkuak orokorrak izan ohi dira, eta edonori ematen zaizkio, arinki, baina gero norberak erabakitzen du zertaraino burutu, zenbaterainoko gogoa daukan, ezta? Hor egoten baita koxka!

Ikasleren batek kutsu morala hartzen zion honi, kristau finek egin ohi dituzten epelkeriak direla hauek, jolas txepel eta antzuak, bere ustez. Gehiengoak, hala ere, ez genuen berak bezala pentsatzen, eta guztion artean honako zerrenda hauxe osatu genuen:

  1. Maite ditudan pertsonekin denbora gehiago egotea
  2. Lagunei gehiagotan deitzea, adiskidetasuna zaintzea
  3. Aisia edukitzea eta gozatzea
  4. Tarteka zorakeriak egitea
  5. Norbaitekin haserre banago, harekin paketzea
  6. Erosita eta irakurtzeke ditudan liburuak irakurtzea (eta denak irakurri arte berririk ez erostea!)
  7. Astean hirutan gorputza mugitze: ibili, korrika egin, igeri egin, dantza…
  8. Zintzilik eta bukatzeke ditudan konponketa txikiak egitea (pitzatutako kristala, komuneko txorrota konpondu etab.)
  9. Lehengusu bazkaria antolatzea
  10. Ohitura txar bat betirako baztertzea: tabakoa, gehiegi edatea, gatz gehiegi erabiltzea, oihuka hitz egitea, beti berandu iristea etab.
  11. Talasoterapiara hilean behin joatea
  12. Argazki zaharrak txukuntzea eta album digital bat egitea
  13. Bidaia luzea egitea edo bidaia labur batzuk egitea
  14. Gabonetan hartutako kilotxoak galtzea, beno, argaltzea!

Hauexek dira gure taldean bildu ditugunak. Eta zuek zer, gurekin bat al zatozte? Edo besteren bat bururatzen al zaizue? Originalak izan al gara? Animatu eta bidali zuenak!

 

Egilea: Oihana
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

3 erantzun Urte berrirako asmo onen zerrenda-ri

  1. egilea: e-pistola

    Gure taldean horiek guztiak batean bildu ditugu: nork bere kontuetarako DENBORA gehiago hartzea. Eta beste gauza bat bitxia iruditu zaigu; inork lanari buruzko ezer aipatu ez izana, alegia.

  2. jon.corral@telefonica.net' egilea: Jon

    Gure taldean asmo onen zerrenda egitearen ohitura ez dirudi oso zabalduta dagoenik, baina hala ere asmo onen zerrenda hau atera da:
    1.- Osasun arloan kirola gehiago egitea eta ohitura txarrak alde batera uztea.
    2.- Familiarekin eta inguruko jendearekin harremanak estutu.
    3.- Jende berria ezagutu.
    4.- Ega, First eta ikasten dabiltzanok examinak ateratzea.
    5.- Denboraren antolaketa on bat egitea bakoitzak dauzkan eginkizunetan.
    6.- Gazteek neskalagun edo mutilagun bat aurkitu nahi dute. Udaran lan bat bilatzea gustatuko litzaieke.
    7.- Bidaiak egitea.
    Gehienak betez gero, gaitzerdi.

  3. minervaindaberea@gmail.com' egilea: minerva

    Egunon blog kideak!!
    Gure taldean oso pragmatikoak izan gara. Gure egitasmo gehienak familiara eta lanera zuzenduta daude. Espero dugu guztion desioak betetzea eta hurrengo urtekoak desberdinak izatea.
    * Norberak egiten ari den ikasketak gainditzea (euskera, unibertsitatea, oposaketak).
    * Euskaraz aritzea.
    * Udararako lan bat aurkitzea.
    * Gure seme alabak zoriontsuak egitea.
    * Pazientzia gehiago izatea eta bizitza lasaiago bizitzea.
    * Denbora hobeto antolatzea norberarentzako gauzak egiteko (kirola, paseatzea, irakurtzea…)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude