Geuk egindako xarabea

jarabeUdazkeneko lehen hego haize, euri zaparrada, eta eguraldi aldaketekin hortxe agertu zaizkigu lehendabiziko katarro, hotzeri eta marrantak. Ikasgelan sumatu da, entzun dugu baten bat  eztulka, edo muki-jarioa gelditu ezinik. Beno, ba aurrea hartzea bezalakorik ez dago, eta horregatik, xarabea nola egin erakutsi nahi dizuegu. Xarabe hau osasunaren aurre-zaintza egiteko, eta behin gaixotutakoan hartzeko erabiliko dugu. Erremedio eraginkor eta ona dugu, eta oso goxoa dago gainera!

 

Lehendabizi osagaiak zerrendatuko ditugu, eta ondoren xarabea egiteko pausoak azalduko ditugu.

OSAGAIAK:

  • Plantain-belarra. Freskotan bilduko dugu, orain arazorik gabe topa daiteke zelai eta larreetan. Eskukada eder bat. Labanarekin ondo txikituta.
  • Intsusa lorea, orain lehorra bota beharko diogu. Izan ere, freskoa udara hasieran izaten da. Belar dendan erosi, 30/40 gr. nahikoa.
  • Berbena freskoa. Gutxi bota, plantila belarra baino askoz gutxiago, txikituta, eskukada erdi bat edo. Nahi bada lore eta guzti ere bai
  • Limoi ekologiko bat, lau zatitan zatituta. Azal eta guzti bota. Supermerkatuko normala ez erabili, argizaria edukitzen du eta gero jarabeari gusto arraroa geratuko zaio. Horretaz gain, kolorea ere aldatu egingo lioke.
  • Kilo bat ezti, hau ere ekologikoa eta ahal den onena. Txilarrarena edo tomilloarena onak ditugu honetarako. Baino mila loretakoa badaukagu, berdin balio digu.
  • Propoleo likidoa. 50 ml. Marka on bat erosi belar dendan, ekologikoa ahal dela.
  • Pinuaren olio esentziala. 50 tanta. Oso kontuz ibili behar da erosterakoan, jateko izango denez, barne erabilerarako egokiak direnak bakarrik eros ditzakegu. Eta ez dira asko, hiru etxe bakarrik gomenda ditzakegu: Eladiet, Biover edo Plantis. Belar dendetan hauek ere. Soberan geratzen zaiguna, ondoren lurrunak egiteko erabil dezakegu.

PAUSOAK:

  1. Kristalezko ontzi hermetiko bat erosiko dugu, burdin-dendan adibidez, goiko aldean goma laranja duten horietako bat.
  2. Belarrak txikituta jarriko ditugu. Ez garbitu uretan aurretik, nahi bada trapu batekin bai. Ondoren, limoia ere txikitu eta jarri.
  3. Goraino eztiz bete.
  4. Armairu barruan eduki 40 egunean, toki ilunean. Astean behin mugitu.
  5. Ondoren maria bainuan pixka bat berotu, oso gutxi, eta ondo-ondo iragazi dena. Metalezko iragazgailu bat oso egokia da zeregin honetarako.
  6. Propoleoa bota, 50 ml.
  7. Pinuaren olio esentziala bota, 50 tanta.
  8. Egurrezko goilara batekin dena oso poliki nahastu, kontzientzia handiz, eta zakarrak baldin badaude kendu.
  9. Kristalezko frasko ilunetan sartu. Nik xarabe frasko guztiak birziklatzen ditut!
  10. Etiketa ipini xarabea noiz egina den adieraziz. Urtebeterako bakarrik balio du.

Oso xarabe goxoa da honako hau, umeei asko gustatzen zaiena. Egiten hasten naizenean, kilo bat baino gehiago egin ohi dut, badaezpada. Abuztu bukaeran egin ohi dut nik, hartara udazkena hasterako prest edukitzen dut.

Goizetan goilarakada bat hartzen da (umeek kafe goilarakada bat), baraurik, edo infusioarekin (esnearekin sekula ez!). Defensak indartzeko primerakoa da. Eta katarro handia harrapatuz gero, egunean hiru goilarakada hartu, beti otorduen aurretik.

 

Egilea: Ilena
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude