Zenbat lur behar ditu gizon batek?

“Zenbat lur behar ditu gizon batek?” kontakizun, ipuin edo fabula, nahi duzuena, izango dugu gaur hizpide. LevTolstoi idazle errusiarrak 1886an idatzia, ez da ziurrenik bere lanik ezagunena izango. Ana Karenina eleberria irakurriko zenuten ziurrenik baina literatura txikiagoa ere, ipuin laburrak, merezi dutenak dira zinez.
Ilustrazio lana ere testua bezain bikaina da liburu honetan. Elena Odriozola donostiarrak primeran asmatu du Pahom pertsonaiari bizia ematen, haren ibilerak eta nahiak islatzen. Pahomen sorlekutik abiatuko gara, hango nekazarien amets eta handinahikeriak ezagutuko ditugu eta gero Errusiako estepara ekingo diogu bideari; bukaeraz berriz zer esan, harridura nagusi!Lur gose den gizon baten, nekazari baten, ibilerak ditugu liburu honetan kontatzen direnak. Gizakiaren handinahiari buruzko parabola ezin modernoagoa dela dio liburuaren kontrazalean eta ez da gezurra, Pahom nekazari asegaitza da, zenbat eta lur gehiago eduki, orduan eta gehiago nahi ditu. Deabruak tentatuko du ordea, amesten ere nekezak diren lurrekin tentatuko. Nola? Urrutiko eskualde bateko biztanle batzuen bidez, baxkiriarren bidez. Baxkiriarrek egun oso batean ibili ahal dituen lur guztien jabe bihurtzea eskainiko diote. Pahomek ez du zalantzarik egingo eta ahalik eta lur gehien eskuratzen saiatuko da bere zorigaitzean.
Liburu hau irakurtzen ari nintzela adiskide batek esan zidan egungo literaturan bazela aukera ederrik eta non aukeraturik, ea nolatan hasi nintzen Tolstoi irakurtzen. Liburuaren ederrak erakarri ninduen, Elena Odiozolaren marrazki politek eta kolore liluragarriek. Irakurtzen hasi orduko ezin izan nuen eskuetatik apartatu eta dituen hirurogehi eta sei orrialdeak bukatu arte ez nuen atsedenik hartu. Uste dut horrekin ia dena esana dudala. Inork kritikarik irakurri nahi balu esan liburu honi, beno itzulpenari edo edizio honi, egindako kritikak oso onak izan direla, apartak ere bai. Bukatzeko esan ni Nabokovekin bat natorrela, Tolstoiren prosak gure bihotzeko taupaden erritmo bera du…

Egilea: Barraskilo hegalaria
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude