Zenbat lur behar du gizon batek?

zenbat-lur-gizon-batekDuela hiru urte argitaratu zuen Denon Artean argitaletxeak Lev Tolstoiren narrazio labur hau, eta oraingoan izenburu bereko erakusketari buruz aritu behar dugu. Datorren larunbatean, ekainaren 28an, Cristina Enea Ingurumen Baliabideen Etxean, inauguratuko den erakusketa-proiektua ipuin honetatik abiatu baita hainbat gai jorratzeko. Erakusketa-proiektu honek, idazle errusiarraren ipuinean ageri diren hainbat gairi heldu nahi dio. Mende eta laurden beranduago, eztabaida ekologistaren, eta gizakia eta lurraren arteko harreman orekatuago baten bilaketaren erdigunean dirauten gaiak, hain zuzen.

“Zenbat lur behar du gizon batek?” 1886an Lev Tolstoik idatzitako ipuin baten izenburua da, non nekazari batek, gero eta lur gehiagoren jabe egitearen irrikaz, guztia galtzen duen. Hiria eta landa, diruzalekeria eta lurjabetza dira ipuin eder honen gai nagusiak. Duela 128 urte idatzi zen arren, gaur egungo gure gizartearen parabola zorrotza ere bada tonu umoretsu, sinple eta guztiz pedagogikoan idatzitako ipuin hau. James Joycek literatura unibertsalaren maisulantzat hartu zuen bere garaian. Gure artean ere, kritika bikainak jaso ditu itzulpenak. Euskaltegian, eskoletan, erabili nahi duzuenontzako unitate didaktikoa ere badago.

Cristina Eneak antolatu duen erakusketa-proiektuak liburua du abiapuntu, baina beste hainbat gai ere jorratuko ditu; erakusketa, hitzaldi, irteera eta pelikula-emanaldien bidez. Jabetza komunalaren eta pribatizazioaren arteko gatazken inguruko hausnarketa izango da gai horietako bat. Euskal Herrian bertan, gatazka horren dinamikak zer nolako prozesua izan duen aztertuko da. Hala, gure artean izan diren praktika komunal anitzak azalduko dira. Jabetza eskubidea (komuna, kolektiboa zein estatuarena), natura-baliabideen degradazioa, bioaniztasuna, eta finean, bizia bera, izango dira eztabaidagai.

Gu joatekoak gara, anima zaitezte!

Egilea: Pintto
Data: | Kategoriak Asteroko aipuak | Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude